GARA > Idatzia > Futbola

Izan zirenak, oraindik ere badirela erakusten ari dira «Indoor» futbolean

Jende askok eta askok aurten ezagutu du zer den indoor futbola. Izan ere, Estatu espainiarreko futbol Liga irabazi duten taldeetako jokalari beteranoekin antolatu baita txapelketa. Reala eta Atheltic Liga hori irabazitakoak direnez, estalpeko txapelketan ari dira.

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA

Izan ziren futbolariek, oraindik ere badirela erakusteko parada ederra dute estalpeko futbolari esker. Nahiz eta betiko futbolarekin erkatuta ezberdintasun handiak dituen, Lehen Mailan aritutako beteranoek, zaleen arreta eta miresmena jasotzen dute oraindik jokatzen duten bakoitzean.

Indoor futbola kirol berria da, baina indar handia hartzen ari da. Estatu espainiarrean, Federazio moduko bat sortu da, eta horrek, lehenengoz, Liga antolatu du. Bi talde euskaldun ari dira bertan: Reala eta Athletic. Egia esan, argi ibili dira antolatzaileak, izan ere, besterik gabe, Liga bat abian jarri izan balute, seguru asko, ez baitzuten zaleen aparteko arretarik jasoko. Baina modu benetan eraginkorra aurkitu zuten arreta erakartzeko: Lehia futbolean Liga irabazi duten bederatzi taldeetako jokalari beteranoekin antolatu, eta bete-betean asmatu dute.

Txapelketa berri horretan bi talde euskaldun sartu dira. Garai batean, Athletic eta Reala txapelak irabazitako taldeak direnez, parte hartzeko gonbita jaso zuten. Bizkaitarrez eta gipuzkoarrez gain, Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Deportivo A Coruñakoa, Valentzia, Sevilla eta Betis ari dira jokatzen.

Athleticek La Casillako kiroldegian jokatzen ditu norgehiagokak, eta zaleek erabateko babesa ematen diote. Azkeneko partidan, esaterako, ia 5.000 ikusle batu ziren bertara; gaur egun, futbolak, errugbiak eta saskibaloiak bakarrik lor dezakete halako jendetza batzea Euskal Herrian, eta sarri samar, kopuru hori ere ez da gainditzen, goi mailako norgehiagokak zuzenean ikusteko.

Realak, aldiz, Tolosan jokatzen ditu bere etxeko partidak, Usabal kiroldegian. 1.000 ikusle inguru sartzeko lekua dauka, eta hauei ere ez zaie babesik falta izan. Jokatu duten bakoitzean, harmailak lepo betetzen baitira. Izan ere, kirol honek erakargarritasun handia du. Alde batetik, jokalari beteranoek jokatzen dute, baina ez adinean aurrera egindakoek; gehienak 40 urte ingurukoak dira. Bestetik, kirola bera; oso azkarra, bizia eta ikusgarria da estalpeko futbola. Horrek guztiak zaleen gogoa piztu du; ondorioz, Euskal Herriko taldeek etxean jokatzen dutenean, harmailak erabat beteta egoten dira.

Jokalarien izenak aipatzen hasita, Athleticen, Etxeberria, Valencia, Luke, Guerrero, Aikukar, Lizarralde, eta beste hainbat ahaztu ezinekoak dira. Realean ere badira hainbat izen ezagun: Tayfun, Cuyami, Luis Pérez, Iturrino, López Ufarte eta Lasa besteak beste. Zaleei orain urte gutxiko oroitzapenak gogora ekarriko dizkieten jokalarien izenak dira guztiak ere.

Jokalari beteranoak izan arren, gutxi dira 40 urtetik gorakoak; aitzitik, gehienek, ez dute oraindik adin hori gainditu. Salbuespenak salbuespen, jokalari beterano hauetako gehienak futbola utzi berri dute, eta sasoiko daudela erakusten dute, ezin baita bestela indoor futbolean aritu. Kirol oso bizia eta azkarra da, eta kirolariak oso ongi prestatuta egon beharra du jokatzeko.

Oraindik ezagutzen ez dutenek, kirol hau zertan datzan jakin nahiko dute. Berez, oso sinplea da, ez dauka aparteko zailtasunik, futbolean jokatzea baita, baina leku txikian. Kiroldegi bat izan behar du, baina pista osoa hartzen du. Ez dago alboko marrarik, ez eta ateko marrarik ere. Irristailu gaineko edo izotz gaineko hockeyan gertatzen den moduan, alboarekin jokatu daiteke baloia, baita atearen atzeko hormarekin ere, beraz, horrek biziago egiten du, ez baita ia gelditu ere egiten. Baloia harmailetara joaten denean, edo teilatua jotzen duenean bakarrik izaten da alboko sakea.

Zigorrak, futboleko berberak izaten dira, eta golak ere berdin egiten dira, nahiz eta hemen gol asko izaten den. Bost lagunek jokatzen dute, eta aldaketak nahi beste, eta nahi den unean egin daitezke, areto futbolean bezalaxe. Bi zati izaten ditu, bakoitza 30 minutukoa da. Belar artifizialaren gainean jokatzen da. Moketa, beraz, partida hasi aurretik jartzen dute kiroldegiko pistan, eta amaitutakoan kendu. Zenbaitzuk areto futbolarekin erkatu nahi izan zuten hastapenetan, baina ezberdina dira. Jokalekuko tamainatik hasi, eta beste hainbat arauri dagokionez ere, aski ezberdina da. Gainera, areto futbola bera azkarra da, baina estalpeko hau biziagoa da, alboko hormarekin eta atekoarekin ere jokatu daitekeelako.

Bi euskal taldeek hasiera onik izan ez bazuten ere, orain ongi ari dira, sailkapenaren erdialdean daude. Bederatzi talde ari dira jokatzen, futboleko Liga irabazitako bederatzi taldeak. Liga itzuli bakarrera jokatzen da, eta asteburu bakoitzean bi partida izaten dira. Beraz, talderik gehienek bi edo hiru asterik behin jokatzen dute. Ondoren, Ligako estreinako laurek, Kopa jokatuko dute. Horixe da euskaldunen helburua.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo