Mosku prest da NATOri Afganistanen laguntzeko, baina baldintzapean
Afganistanera soldadu gehiago bidaltzea ezinbestekoa bilakatu da NATOrentzat. Errusiak atzo adierazi zuen horretan laguntzeko prest dagoela. Ordainetan, berriz, NATOk ekialderantz zabaltzeko dituen asmoak bertan behera uzteko eskatu zuen.
GARA |
Errusia prest dago NATOrekin «lankidetza indartzeko», baldin eta Afganistanen Mendebaldeko Itunak «errusiarren interesak kontuan hartzen baditu» eta Ekialderantz hedatzeko asmoak eteten baditu, atzo Moskuko Atzerri Aferetako ministroordeak adierazi zuenez.
«Errusiak laguntzen die dagoeneko NATOko herrialdeei Afganistango aferan, eta uneotan, lankidetza hau sakontzeko aukerak aztertzen ari gara», esan zion Alexandre Grutxko ministroordeak Interfax albiste agentziari.
«Baina ez daiteke benetako lankidetzarik egon, bi aldeetako interesak behar bezala kontuan hartu ezean», gaineratu zuen Grutxkok.
«NATO garatzen ari den `ate irekien' politikan [Europako ekialdeko herrialdeak Itunera erakartzea] urrats berriak emateak ez du NATOren segurtasuna indartu; ez Itunean sartzeko borondatea erakutsi duten herrialdeena, ezta Errusiarena ere», esan zuen Alexandre Grutxkok.
NATO eta Mosku Afganistan en dauden soldaduak (ISAF) hornitzeko Errusiako aire eremua erabiltzearen gainean ari dira negoziatzen.
Gai honi buruzko akordioa NATOren hurrengo gailurrean irits daiteke. Apirilaren 3an eta 4an Bukaresten egingo dute gailurra, eta Errusiako presidente Vladimir Putin gonbidatu dute hara. Afganistango egoera izango da Errumaniako hiriburuan aztertuko duten gai nagusia.
Hedatzearen aurka
NATO hedatzeak «ondorio larriak izango ditu Europaren eta eremu Euro-Atlantikoaren segurtasunerako; izan ere, gatazkak izateko arriskua handitu dezake eta Errusia eta NATOren arteko harremanetan eragin negatiboa izan, arazo zehatzei dagokien lankidetzan ere», berretsi zuen Grutxkok.
«NATOren gainean dugun politika kontsekuentea eta argia da. Prest gaude NATOrekin elkarlana bultzatzeko, bai Errusia bai NATO osatzen duten herrialdeek dituzten mehatxu terroristei aurre egiteko. Hauen artean, noski, Afganistandik datozen mehatxu terroristak eta droga trafikoa daude», esan zuen ministroordeak.
«NATOk ekialderantz zabaltzeko duen asmoaren gainean ere kontsekuenteak eta argiak gara. Iraganeko proiektua da, ez die egun ditugun segurtasun beharrei erantzuten», gaineratu zuen Grutxkok.
Asanblada Nazionalak eta Senatu frantziarrak Errepublikako presidente Nicolas Sarkozyk Afganistanera tropa gehiago igortzeko duen asmoari buruz eztabaidatuko dute datorren asteartean.