Imanol Oruemazaga Baseta Ondarroa
Aberri Eguneko argazkiei begira
Joan zaigu aurtengo Aberri Eguna ere. Aspaldiko jokabideari jarraituz, aurten ere hiru edo lau aberri egun izan ditugu gure Euskal Herri txiki honetan. Alderdi bakoitzak bere eslogan, egitasmo, mezu, mehatxu... aldarrikatu ditu hitz borobil eta arranditsuekin, bere jarraitzaileen gozamenerako.
Nik neuk politikarien hitzak albora utzi, eta Aberri Eguneko ospakizun bakoitzeko argazkiei begiratu diet. Aspaldi esana baita irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela.
Hiru argazkik erakarri dute nire arreta.
Irun eta Hendaia arteko ibilaldian herri bat euripean martxan ikusi dut. Gazte eta nagusi, emakumezko eta gizonezko, ikurrinaren atzetik, muga historikoa bezain Euskal Herriaren zatikatzailea gainditzen, independentziaren bila.
Bilbon, Plaza Berrian jarritako karparen aterpean ikusi ditut EAJ-PNVko buruzagiak oholtza baten gainean, eta aurrean adineko herritarrak. Gizonezkoak eta emakumezkoak hemen ere. Gazteak ere bai -nola ez-. Baina hauek oholtzaren gainean, EAJ-PNVko buruzagiak inguratzen.
Eta, nola ez, Lezoko Gazteen Topaguneko argazkia. Gazte independentistak, euripean busti-busti eginda, euritan blai. Kanpadendak ere euri-jasaren eraginez lurrean... Baina tinko, euren lau eguneko egitaraua amore eman gabe aurrera eramaten!
Bilbon, Irun-Hendaian, Lezon... Hiru Aberri Egun! A ze hiru Aberri Egun ezberdin! Batzuen eta besteen Aberri Egunaren irudiak ikustean, galdera bat gelditu zait zintzilika nire baitan: Batzuek eta besteak, denak ote abertzaleak?
Eta euskal gazteak... non? Non Euskal Herriaren geroa ziurtatzen digun gazteri berria? Nik entzuna neukan EAJ-PNVren baitan ere bazela EGI zeritzon gazte mugimendu bat. EAJ-PNVko buruzagien inguruan eseri eta hauen irudia apaintzera edota buruzagiak eurak babestera mugatu eta murriztu ote da EGI gazte mugimenduaren eginkizuna?