GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Amaiera

Une hori iritsi bitartean, ahalik eta urrunen izateko esperantza gordetzen dugu, denbora ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dugu, eta gure amaiera behintzat lasaia eta lagundua izan dadila. Jende guztiak ez dauka zorte hori, hala ere

Nork ez du imajinatu inoiz bere amaiera? Nor ez da inoiz heriotzaren beldur izan? Edo gaixotasunaren beldur? Gure aurrekoak edo gure albokoak ikusten ditugu urterik urte joaten, argi baitago bizitzaren bidaia hasten den unetik ezinbesteko amaiera zein izango den denontzat. Hiletak, malkoak, samina, agur hitzak, oroigarriak... baita hesteetan gora samara arteko estutasun sentimendu sakona ere; gura ala ez gura, besteen heriotzak norberarena ere noizbait heldu beharko dela gogorarazten digu eta.

Une hori iritsi bitartean, ahalik eta urrunen izateko esperantza gordetzen dugu, denbora ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dugu, eta gure amaiera behintzat lasaia eta lagundua izan dadila. Jende guztiak ez dauka zorte hori, halere. Berriki kasu batek komunikabideak astindu ditu, hots, Chantal Sébireren heriotzak, eta ika-mika piztu du berriro ere .

Eutanasiaren kontra agertu ohi direnak eta azken honetan ere halaxe egin dutenak ez dira gutxi. Zenbaitek argi eta garbi ukatzen dute eskubide hori, ultrakatoliko ultrarretrogradoenek, baina beste askok, gehienek, ahoa betetzen dute oztopoz, zailtasunez eta zuzenbide trabez, beti ere, balizko «etika» irizpide edo balio «zuzenetan» oinarriturik. Baina etika horren atzean moral judeo-kristauaren isla argia besterik ez dago. Jainkoak ematen ei digu bizia eta, hortaz, Jainkoak bakarrik erabaki ahal du zelan eta noiz kendu, eta minez bada hobeto, sufrikarioak bide zuzena marrazten baitu zerura. Baina norberak zerbait benetan propioa badauka, hori ez da ondasun materiala, familia, lagunak edo bikotea... zerbait propioa badaukagu, hori geure bizia da.

Askok kritikatu dute emakume horrek, bere buruaz beste egiteko gaitasuna izanda, Estatu frantsesari bere bizitzari bukaera ematen laguntzeko eskatu izana. Badirudi heriotza duina guztiz elbarriturik daudenek besterik ezin dutela eskatu -gero ikusi behar eskaera horri kasurik egiten zaion, jakina-, baina bere buruaz beste egiteko fisikoki gai denak ez du ezelako laguntzarik. Hala ere, hori tranpa egitea da, egi erdizka dabiltza eta.

Eta egi erdia da, hala jokatzeak pertsona horiek bakardaderik handienean hiltzera kondenatzen dituelako. Mutur horretara heltzea ez da gustura eta gurata hartzen den erabaki bat. Inork ez du hil nahi, baina gaixotasunak bizitza min jasanezin bihurtu duenean, azken irtenbide beltz hori besterik ez da geratzen. Horrek ez du esan gura une hori helduta beldurrik sentituko ez denik, ez du esan gura maite dugun jendeari agurrik esan nahi ez diogunik, ez du esan gura norbaitek eskutik heltzen gaituela sentitu nahi ez dugunik harik eta lo sakonak betiko hartu arte.

Heriotzaren atzetik giza arrazaren bigarren beldur handiena den horretara behartzen dituzte, hots, bakardadera. Beste inor ezin delako alboan egon, edo bestela, gerora datoz galderak, akusazioak, nork bere burua defendatu beharra, hilketarik ez dela izan, susmoak egunkarietan, epaileak epaitegietan eta abadeak mezetan.

Bat baino gehiago ikusi nahi nuke nik horrelako ataka batean. Bestearen lekuan ez jartzeak horixe baitakar, norberari tokatzen zaionean ahoa betetzen ziguten arrazoiak bat-batean berez aldatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo