Aitor Irigoien Odriozola Ikaslea
Topagunea 08: etorkizuna... independentzia
Giro politiko orokorraren metafora ere izan liteke Gazte Topagunea: kanpo giro ilun, gogor eta garratzari itxaropen eta etorkizuna eraikitzeko gogoaren epeltasunarekin egin zaio aurre
Amaitu berria da 2008ko Gazte Topagunea. Lau egunetan zehar Lezora bertaratutakoek bere azalean bizi izan dute lehen momentutik azkenera arteko ekaitz jarioa: Poliziaren kontrolak, euria geratu gabe, haize zakarra, hotza, lokatz putzuzko kanpalekua... Hasiera batean, inondik ere ez opor egun apurrak gozatzeko inguru egokiena, zalantzarik gabe.
Baina, beste behin ere, logika oro irauliz, jendetza itzela mugitu da Topagunean egun nahiz gune desberdinetan. Aipatu ekaitzari aurpegia emanez, ilusioz bizitako uneak nagusitu dira, inoiz baino argiago geratu da amets eta adorez elikatutako gazteria kriminalizatu, kikildu eta ahultzeko saiakeren alferrikakotasuna.
Arrakastatsua izan da beraz Topagunea. Partaidetza aldetik, 9.000 lagun inguruk hartu dute parte, nazioarteko gazte talde ugari barne (Asturies, Galiza, Paisos Catalans, Andaluzia, Sardinia, Irlanda...). Herrialde anitzetako gazteen arteko hartu-emana eta elkarrekin ikasitakoa aberasgarria eta pozgarria izan da. Biolento gisa etiketatuko milaka gazte herri txiki batean elkartu eta istilu bakar bat ere ez izatea ere aski esanguratsua da. Gauza guztien gainetik nabarmentzekoa, ordea, gau eta egun, ehunka gaztek egindako boluntario lana izan da. Argi dago halako egitaraua betetzeko, aurretik, bertan nahiz ondorenean ikusten ez den lan itzela egon badagoela, Lezon ikusi ahal izan dugunez. Oso leku gutxitan ematen da halako auzolan eta antolaketarako gaitasuna egun. Jardueren aldetik, aniztasuna eta eskaintza zabala izan dira protagonista: hitzaldiak, tailerrak, filmak, bertsoak, magia, kontzertuak,... adin eta jatorri orotako jendearen gozagarri.
Bestalde, giro politiko orokorraren metafora ere izan liteke Gazte Topagunea: kanpo giro ilun, gogor eta garratzari itxaropen eta etorkizuna eraikitzeko gogoaren epeltasunarekin egin zaio aurre. Dena aurka izanda, barne suak aurrera egiten lagundu du, askotan norberaren baitan egon ohi baita ate oro irekitzeko giltza.
Porroten atalean, edozein aurrerapauso galarazten dutenen eta pastelaren zati baten truke hauen laguntzaile direnen estrategia aipatuko nuke. Ilegalizazioak, gezurrak, manipulazioak nahiz atxiloketek samin gehiago eragin eta gatazka luzatu besterik ez dutela egiten ebidentea da. Espetxeratutako gazte bakoitzari, hamarka lagun berrik hartzen diote erreleboa. Erreprimitutako ekitaldi bakoitzaren ostean, beste hamaika ideia, egitasmo jartzen dira martxan. Udaberri geldiezina. Botereak badaki, bere makineria guztia erabiliz sustatzen duen gazteri homogeneo, pasibo, apolitiko, egoista, lehiakor eta moderatuaren ereduan erori ez, eta honen aurka azaltzen den gazteria duela aurrean. Badaki isil-isilik dena onartuko duen, telebistaren bidez anestesiatua izango den eta kontsumismoan jauzita hausnartzeko astirik ez duen gazte prototipoak, askatasun eta berdintasunean oinarritutako mundu justuago baten alde dirauen gazteekin egiten duela talka. Eta Lezon hori guztia irudikatu da.
Zorionik beroena beraz Gazte Topaguneari eta, horrekin batera, egoera den bezalakoa izanda ere, amesten jarraitu eta ametsok egia bihurtzen saiatu behar dugula esan nahi dut. Azken finean, aurkakoa sinestarazi nahi diguten arren, gure esku dago etorkizuna... eta «independentzia» du izena.