GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiri hondakinen atez ateko bilketa eskatzeko mozioa aurkeztuko dute Oiartzungo udaletxean

GARA|

Oiartzun, ke? errausketaren aurkako Oiartzungo plataformak mozio bat aurkeztuko du heldu den asteazkenean udaletxean, herrian atez ateko bilketa antolatzeko premia azaltzeko, batez ere materia organikoarena. Horretaz gain, Udalak Gasteizko Legebiltzarrari lege aitzindari bat onar dezala eskatzea nahi dute, Katalunian dutenaren parekoa. Honakoa dio lege horrek: «Udalerrietako hondakinen gaikako bilketak nahitaezkoa izan behar du, hondakin organikoak biltzeko zerbitzuari gaika entregatzeari dagokionez».

Plataformak azaldu duenez, ingurumena eta herritarren osasuna babesten laguntzea dute helburu. San Markoseko eta Debagoienako mankomunitateek egindako gonbidapenari esker Katalunia eta Mallorka bisitatu zituzten urtarrilean, eta herrialde horietan egiaztatu ahal izan zuten atez ateko bilketa eraginkorra dela.

Bilketa sistema horren alde egin duten udalerrietan, %65-70era -eta batzuetan %80ra- iritsi da birziklatutako etxeko hondakinen eta HPIME izenekoen ehunekoa, %15-20ko zenbatekoetatik abiatuta. Gainera, %5-15 hondakin gutxiago dago toki horietan.

Oiartzun, ke? taldearen ustez, neurri horiek hondakinei buruzko Kataluniako legea bezalako arau-esparru bati zor zaizkio, besteak beste (15/2003 Legea, joan den ekainaren 13koa, zaborrak arautzen dituena).

Europar Batasuneko hondakinei buruzko zuzentarauak; Estatu espainiarreko Hiri Hondakinei buruzko Plan Nazionala; Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinei buruzko norabidea; Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra eta mankomunitateetako plan integral edo estrategikoak. Plataformak adierazi duenez, maila guztietan ezarritako lehentasunei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu atez ateko bilketaren bidez helburuak lortu ahal izango ditugula: hondakin gutxiago izatea eta arriskua murriztea, zati guztiak gaika biltzea, gehiago berrerabiltzea eta birziklatzea...

Eskaera bat Lakuari

Horregatik, apirilaren 2an, arratsaldeko zazpietan Oiartzungo errausketaren aurkako plataformak mozio bat aurkeztuko du udaletxean. Udalari eskatuko dio heldu den batzarrean atez ateko metodoa ezartzeko premia onartzeko, bereziki materia organikoaren bilketa, etxeko hondakinena eta HPIME izenekoena ere bai.

Ez hori bakarrik. Hurrengo udalbatzan Gasteizko Legebiltzarrari zuzendutako eskaera bat onartzea ere nahi dute, «benetan aitzindari izango den lege bat» martxan jartzeko, Katalunian hondakinen esparruan dutenaren parekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo