GARA > Idatzia > Ikusmira

Aurrezki kutxen izaera galbidean da

Aurrezki Kutxa publikoen zuzendaritza organoak berritzen ari dira egunotan Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Lehenik eta behin, EAJren eta PSOEren arteko akordioak direla medio, berritze horiek egunerokotasun politikoarekin duten harremana aipatu behar da. Izan ere, akordio horren helburua ez baita euskal finantza-sistema antolatzea; bi alderdi horien artean boterea eta mozkinak banatzeko tratua besterik ez da. Horrez gain, prozesu hauen alderdi ilunak eta kutxen berezko nortasunarekiko gertatzen ari den bilakaera erabat negatiboa nabarmendu behar dira.

Hara, bada, zuzendaritzen hautatze prozesuaren izaera iluna salatu beharra dago. Hainbat bezero taldek eta gizarte mugimenduk salatu dutenez, bezeroei bozkatzeko jarri zaizkien baldintzak zorrotzegiak dira. Ondorioz, parte-hartzea zailduz, herritarrek zuzendaritza horien gainean duten kontrola erabat murrizten da.

Gainera, kutxen jatorrizko izaera soziala kinkan jartzen ari da konpetentziaren eta mozkinen izenean. Jakina, ez dago ukatzerik, sistema kapitalistaren barruan kutxen helburu nagusietakoa dirua egitea dela. Orain, kutxen kasuan, diru horrekin zer egiten den instituzioek, herritarrek eta bezeroek erabaki behar dute. Kutxen azken helburua, baita sistema kapitalistan ere, ez delako dirua egitea, gizarte-ekintza bultzatzeko dirua lortzea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo