GARA > Idatzia > Errugbia

Baiona

Avironek denboraldiko aurkaririk gogorrenatakoa izango du aurrean

Jon LEUNDA | BAIONA

Norgehiagoka zaila izango du gaur arratsaldean Avironek, Stade Française, hirugarren sailkatua, hartuko baitu Jean Dauguerren 15.00etatik aitzinera. Aurkari gogorra izateaz gain, zuri-urdinek hutsune asko izango dituzte, eta hori ere ziur asko nabaritu egingo dute. Gainera, hauxe izan daiteke baionarrek denboraldi honetan duten egoerarik zailena, ez baitabiltza behar bezain ongi.

Azken partidetako emaitza txarrekin batera, presidentearen eta entrenatzaileen arteko harreman txarra ere agerian geratu da; eta aste honetan bertan iragarri da, Elisalde, taldeko managerra, eta Pemeja eta Beltran entrenatzaileak, taldetik kanpo geratuko direla denboraldi honen amaieran

Joan den astean Akizen galtzeak kalte egin die, eta badirudi aste honetan etxeko trapu zikin guztiak kaleratu nahi izan dituztela. Jokalariei dagokienez ere hutsune asko izango dituzte; Haare, Baget, Usandizaga, Linde, Peyres eta López ez baitira gaurko partidan jokatzeko moduan egongo. Hala ere, aste honetako berririk txarrena Tilolesek eman du, belauneko lotailu gurutzatuak apurtuta baititu, eta ez du denboraldi honetan gehiago jokatuko. Gower, berriz, gaur jokatzeko moduan izango da.

Parisko taldeak ez du horrenbesteko arazorik izango, eta Szarzewski eta Bergamaso bakarrik izango dira jokatu ezinik daudenak. Du Ploy, aldiz, osatu da, eta hasierako hamabostekoan izango da. Partida honek ikusmin handia piztu du, eta 14.000 ikuslek beteko dute Jean Dauguer.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo