GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Basora, fase berriaren abiapuntua

Otsaileko azken astean Moqtada al Sadr-en mugimenduak iazko abuztutik Irak osoan indarrean zuen erabateko su-etena beste sei hilabetez luzatu zuenean, benetan adierazkorra izan zen begirale errezelotsuak ikusi ahal izan zuena: pozik egon behar zutenek (Petraeus, adibidez, haren «arrakasta» goraipatuaren oinarria menia horretantxe zetzalako, gehienbat; edota Maliki, haren aginpidearen itxurari beste horrenbeste gertatzen zitzaiolako)... ez zuten inolako atseginik agertu. Alderantziz zela esango nuen. Hilabete beranduago argitu da zergatia. Okupazioaren bosgarren urteurreneko ospakizunak (?) amaitu eta berehala, Irakeko gerraren hurrengo faseari ekiteko garaia iritsi dela erabaki du norbaitek.

«Gerra» diot, halaxe izango delako seguruenik aurrerantzean ere. Orain artekoa baino latzagoa, gainera, beharbada. Eta erabakia hartu duenak ez badu hala aurreikusi, okerrago. M. al Sadr eta beronen mugimendua, okupazioaren «emaitza» politiko-militar nabariena, militarki nahiz politikoki deuseztatu ahal izateko, gerra zibila sutu beharko baita. Edo sutu da jada? Behintzat, politikaren bideari bizkar ematea erabaki bide du norbaitek. Basora hartzeko («gobernuaren aginpidea eta legea berrezartzeko», Petraeus, Maliki eta abarren esaeran) ahaleginarekin gertatzen dena ongi baino hobeki hausnartzea komeniko da, beraz. Su-etenak ahuldu ez baizik sendotu egin duela M. al Sadren milizia ematen du. Duela lau urte Najafen, Kerbalan eta abarren ikusten zen gizatalde suhar baina taxugabe hartatik oso urruti dagoela, bai armategian eta baita ere antolamenduan, egungo Mahdiren Armada. Hezbolaren «ukitua» nabaria dela esango du norbaitek.

Txanponaren ifrentzua da hari eraso dion irakiar Armada eta Polizia ofizialak ez dirudiela aurrerapen handirik egin duenik estatubatuar instruktore eta hornitzaileak saiatu diren arren. 30.000 soldadu eta bere baliabide nagusiak erabiliz, ez da gauza izan Basora sorpresaz hartzeko; eta estatubatuar hegazkin eta helikopteroei dei egin behar izan die itota ez geratzeko. Ordainetan, gainera, Irak hego eta erdialdeko hiri nagusienetako batzuen kontrola galdu du. Eta Bagdaden bertan Bailara Berdetik kanpora nork agintzen duen ez dago garbi.

Ez dut uste «vietnamizazio» edo «irakizazio» saio honen emaitzarekin batere gustura egongo denik Petraeus burutsua. Oraingoz behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo