GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Mindegiak gora doala erakutsi du Barberena menderatuta

Miel Mindegiaren semeaz gain, Kañamaresek, Zubiagak, Atutxa II.ak, Aierbe II.ak, Etxeberriak eta Senosiain II.ak ere lortu dute aurrera egitea

p044_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Patxi Mindegiak Barberenaren aurka lortutako garaipena izan daiteke aipagarriena asteburu honetan jokatu diren kanporaketetan. Zubietako aizkolariarentzat oso lan egokiak dira horiek, eta ezustea agian ez da batzuentzat horrenbestekoa izango, baina Barberena Lehen Mailako aizkolaria da, eta zaleek bera jotzen zuten faborito. Gainerakoetan, ez da ezusterik izan.

Herenegun Ataunen izan ziren lehen saioak, eta Atutxa II.ak eta Etxebestek jokatzekoa zen kanporaketak piztu zuen ikusminik handiena. Zaleak itxaropen handiak jarri ditu Aitzol Atutxarengan, eta Bizkaiko Txapeldunak ez zuen hutsik egin, Etxebeste menderatu baitzuen.

Lan guztietan aurrea hartu zion 19 urteko gazteak. Hala ere, markarik aipagarriena 45 ontzakoa mozten egin zuen, orain arteko marka guztiak apurtu baitzituen, enborra 39 segundotan erdibitu zuenean. Amaieran, lan guztiak burutzen, 7 minutu behar izan zituen, eta 38 segundoko aldea kendu zion Etxebesteri. Igeldokoa kanpoan geratu den arren, gaueko hirugarren denborarik onena egin zuen.

Aierbe II.ak jokatu behar zuen neurketak ere ikusmina bazuen, etxean aritu baitzen. Bera zen faborito, eta ez zuen hutsik egin, gaueko hiru probak irabazi egin baitzituen, eta Zubizarreta mendean hartu baitzuen. Ataundarrak 8 minutu eta 59 segundotan burutu zituen lanak, eta 10 minutu eta lau segundotan, berriz, azpeitiarrak.

Mugertza II.ak eta Zubiagak jokatu zuten norgehiagoka, berriz, Arabako txapeldunak irabazi zuen. Mutrikukoa irabazten hasi zen, baina amaieran Zubiagak eraman zuen garaipena. Lan guztiak 8 minutu eta 58 segundotan amaitu zituen, eta gipuzkoarrak, aldiz, 9 minutu eta 19 segundotan.

Azkenik, Kañamaresek ere hurrengo kanporaketako txartela bereganatu zuen Elorriagari irabazita. Nafarrak 10 minutu eta 11 segundotan burutu zituen lan guztiak, eta 11 minutu eta 43 segundo behar izan zituen, berriz, Elorriagak.

Lekunberri

Atzo Lekunberrin, maila nagusiko beste hiru kanporaketa erabaki ziren, eta hiruretan erakargarriena Barberenaren eta Patxi Mindegiaren arteko dema izango zela zirudien.

Zubietako aizkolaria oso indartsu agertu zen, eta lan hauetan oso ongi moldatzen dela erakutsi zuen. Proba guztiak irabazi zituen. Miel Mindegiaren semeak, 7 minutu eta 52 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta Beruetekoak, berriz, bederatzi minutu behar izan zituen.

Senosiain II.ak eta Ugarteburuk jokatu zuten neurketak ere ikusminik bazuen, eta proba oso polita eta interesgarria suertatu zen. Ugarteburu nagusi izan zen lehenengo bi lanetan, eta azkenekora 23 segundo aurretik heldu bazen ere, amaieran ezin izan zuen gainditu Olaguekoa. Senosiain II.ak 9 minutu eta 6 segundotan amaitu zituen bere lanak, eta Ezkiokoak, berriz, 9 minutu eta 26 segundotan.

Azkenik, Etxeberriak ez zuen izan aparteko arazorik Rodriguez I.a mendean hartzeko. Sunbillakoak saioko proba guztiak bereganatu zituen, eta ia minutu eta erdiko aldea kendu zion. Berak egindako denbora 7.20 izan zen, eta 8.47 Segoviakoarena. Kanporaketa horietan denek lan bera izan zuten. Hasteko, 45 ontzakoa moztu behar izan zuten, gero kana-erdikoa zutik, eta azkenik kana-erdiko bat eta 60 ontzakoa.

Rodriguez II.ak aukerarik gabe utzi du Jokin Alkizalete gaztea

18 urtetik beherakoen dema ere izan zen atzo Lekunberrin, eta bertan Juan Rodriguezek mendean hartu zuen Jokin Alkizalete. Neurketa garrantzitsua zen, Ohian Larretxearen aurka biek galdu egin baitzuten.

Segoviako aizkolari gaztea gipuzkoarra baino gehiago izan zen atzoko saioan, eta berak oraindik finalerdietan jokatzeko aukera bat izango du. Asteasuarrak, berriz, ez du aukerarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo