GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Erretiroa

Joxemiel Peñagarikanok lehiatzeari uzteko erabakia hartu duela iragarri du

p044_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Joxemiel Peñagarikanok lehiatzeari utzi egingo diola iragarri du aste honetan. Beizamako aizkolaria onenetakoa izan da azken hamarkadan, eta aurten ere Urrezko aizkoran aritzekoa zen, baina zenbait arazo fisiko tarteko, ez jarraitzea erabaki duela jakinarazi du.

Beizaman sortutako aizkolari honek, 50 urte pasa ditu, eta azkenaldian ez zebilen bere onenean, eta azkenean erabakirik gogorrena hartu du. Urrezko Aizkoran ez du parte hartuko, eta Senosiain II.aren eta Atutxa II.aren arteko demako irabazleak beraren aurka jokatu beharrik gabe egingo du aurrera.

Peñagarikanok egin duenari begiratu, eta gutxik lortu dezaketena lortu duela ikusten da, irabazi daitezkeen txapel guztiak lortu baititu. Euskal Herriko Lehen Mailako eta Bigarren Mailako txapelak jantzita dago, baita Gipuzkoakoa ere. Urrezko Aizkorako lehenengo txapelduna ere bera izan zen, eta lehiaketa hau binaka ere irabazita dago. Donostiako Urrezko Kopa ere behin baino gehiagotan bereganatu du. Hala ere, bere garaipenik politenetakoa 2000. urtean lortu zuen, Maila Nagusiko txapela, hain zuzen ere, Oionen jantzi zuena. Garai hartan, gainera, finalak ikusgarriak izaten ziren, berarekin batera, Olasagasti, Larretxea eta Nazabal oso lehia estuan ibiltzen baitziren.

Bere egunik txarrenetakoa, ziurrenik, 1999. urteko Urrezko Aizkorako finala izango zen, orduan, Azpeitiko kiroldegian Olasagastiren aurka jokatzen ari zen finalean ondoezak jo, eta erietxera eraman behar izan zuten eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo