GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mugarik Gabeko Albatariak erakundeko bazkideen topaketa izan da Agurainen

Mugarik Gabeko Albaitariak animalien defentsaren aldeko elkarteak batzar orokorra eta bolondresen topaketa egin du asteburu honetan Agurainen. Bertan, iragan urteko balantzea egin dute bazkideek.

p017_f01_100x110.jpg

GARA |

Mugarik Gabeko Albaitariak elkartearen batzar orokorra eta bolondresen topaketa dela-eta, asteburu honetan Agurain jendez gainezka izan da. Bertan, animalien defentsan lan egiten duen talde horretako bazkideek joan den urteko balantzea egin zuten, eta 2008ko aurrekontuak onartu zituzten. Horietaz gain, beste hainbat jarduera ere egin zituzten.

Estatu mailako elkarteko bazkideak eta bolondresak Aguraineko Klaratarren komentu zaharrean bildu ziren, eta bertan hartu zuten ostatu. Batzar Orokorra larunbatean izan zen, arratsaldeko 16:30ean. Hasierako ekitaldiaren ostean, animalien babeserako taldeko kideek iragan urtean aurrera eramandako jardueren balantzea egin zuten, eta horren ostean, aurtengo aurrekontuak aurkeztu zituzten, eta onartu ere bai.

Dena dela, bilera horretaz gain, animalien defentsaren inguruan hainbat kontzertu eta kultur ekitaldi ere izan ziren Agurainen. Adibidez, «En Clave» musika taldeak emanaldia eskaini zuen.

Bolondresen topaketari dagokionez, bai larunbatean bai igandean jarduera eta bilera anitz egin zituzten. Larunbatean, 10:30ean ekitaldiaren antolatzaileek bisitariei harrera egin zieten, eta ordu bat geroago, 11:30ean, «Mugarik Gabeko Albaitariak elkartearen kooperazio politika berria» izeneko txostenaren aurkezpena eta azalpena egin zuten.

Horiek horrela, goiz osoan txostenaren edukiaren gainean luze eta zabal eztabaidatu zuten Aguraineko topaketara bertaratu ziren bolondresek.

Bilera amaitzean, 14:00etan, bazkari ederra dastatzeko aukera izan zuten, Erralde Hiltegiak bisitariei bildots errea eskaini zien-eta.

Haurrentzako jolasak

Igandean, 10:30etik 11:45era, larunbatean azaldutako txostenaren eztabaidan aurrera egiten jarraitu zuten eta, era berean, hurrengo bidaia orriaren oinarriak adostu zituzten.

Horren ostean, 12:00etatik 13:30era arte animalien eskubideen defentsan lan egin duen elkarteko zuzendari Gustavo Duchek taldeko teknikariek azken hilabeteotan egindako aurrerapenen berri eman zuen.

Bolondresen topaketari amaiera emateko, bazkaldu aurretik, 13:30etik 14:15era Marina Aparicio aktoresak «Ametsero» umeentzako ikuskizuna eskaini zuen. Hala, gurasoekin batera Agurainen izan ziren umeek ere beraientzako prestatutako ekitaldi batekin primeran pasatzeko aukera izan zuten.

Bazkalostean, Estatu osotik etorritako bolondresak beren bizilekuetara itzuli ziren.

politika berria

Aguraineko Klaratarren komentu zaharrean egindako topaketan, Estatu osotik etorritako bolondresek luze eztabaidatu zuten Mugarik Gabeko Albaitariak elkarteak abian jarriko duen politikaren gainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo