ESKALADA Kateatze berriak
Lehiaketen zain harkaitzean jo eta su
Kirol eskaladako nazioarteko lehiaketak oraindik orain lozorroan direnez, lehiakide entzutetsuenak entrenamendu gogorrak eta harkaitzean punta-puntako igoerak uztartzen ari dira.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Beste urte batzuetan ez bezala, kirol eskaladako nazioarteko lehiaketak nahiko berandu hasiko dira. Bai IFSCren zirkuitua (Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioa) zein lehia pribatu ezberdinak oraindik orain lozorroan dira. Hori dela eta, nazioarteko lehiakide entzutetsuenak ez ohiko egoeran dira; hots, beste urte batzuekin alderatuta, entrenamenduak eta harkaitza uztartzen ari dira. Eta batzuen batzuk nola gainera!
Nesketan, adibidez, kalitate zein oihartzun handiko kateatzeak ikusi ditugu. Eta kronika honekin hasteko, Charlotte Durif ekarriko dugu lerro hauetara. Frantziar honek 17 urte besterik ez ditu, eta jubeniletan ez ezik nagusien lehietan ere maila izugarria ematen ari da.
Iazko nazioarteko zirkuituan, Munduko Kopan alegia, bere mailan ez zuen ia aurkaririk izan, eta nagusietan seigarren izan zen sailkapen orokorrean. Baina, lehiakide gogorra izateaz gainera, harkaitzean ere oso ausart dabilela erakutsi du frantziar gazte honek. Landutako eskaladetan dagoeneko 8c graduko bost bide gainditu ditu; hori, 17 urte izateko, nahiko adierazgarria da. Begiratu batean ere ez da hanka-motz geratu; guztiz aurkakoa. Orain gutxi, Durifek 8b+ zailtasuneko bide bat kateatu du: Leon (Les Concluses, Frantzia). Bide horren gradua baieztatzen bada, orain arte emakumezko batek begiratu batean egin duen zailtasun gorena errepikatuko luke. Soilik Josune Bereziartu sartu da maila horretan, Hidrofobia-rekin.
Bigarren protagonista nagusia Natalija Gros da. Sasoiko dagoela eta bere prestakuntza puntu-puntuan duela erakusten ari da esloveniarra ere. Harkaitzean, bederen, bere lehenengo 8c+ bidea kateatu du; gradu hori lortu duen bakanetakoa da. Histerija da igo duen marra berria, eta Eslovenian bertan hain sona handia duen Misja Pec eskolan dago.
Eta nesken aipamenekin amaitzeko, nazioarteko zirkuituan dugun euskal ordezkari bakarraren lana aztertuko dugu. Irati Andaz ari gara. Gogor ari da entrenatzen eta, bere lehiakideek bezala, ez du baztertu harkaitza. Begiratu batean asko eskalatzen ari da eta, besteak beste, 8a-ko pare bat bide igo ditu Margalef eta Terradetsen. Kataluniako eskoletatik atera gabe, Andak Santa Linyan izen bereko Santa Linya (8b) bidea gainditu du, besteak beste.
Mutilak ere gogor
Nesken kasuan motorrak ia prest daude, eta mutilenak ere ez dira atzean geratzen. Horietako batzuek dagoeneko baieztatu dute oso gustura dabiltzala eta motibazioz gainezka. Gure ingurumariko lehiakide-eskalatzaile indartsuenetakoak maila ederra ematen ari dira harkaitzean. Etxetik hasita, Patxi Usobiagak azken bolada honetan kateatutakoak aipatuko ditugu. Hasteko, aurreratu behar dugu azken lau hilabeteotako 9a edo hortik gorako laugarren bidea gainditu duela. Hain sona zein goraldi ikaragarria izaten ari den Santa Linya eskolan izan da. Fabela pa la enmienda da bidea, eta bere zailtasuna 9a. Horrez gainera, eskola berean zein ingurukoetan, bost 8c+, 8c-ko hainbat marra, 8b bide bat begiratu batean...
Iazko Munduko Kopako irabazleak bezala, Munduko Txapelketa irabazi zuenak, Ramon Julianek, beste 9a bat igo du: El templo del cafe (Alquezar). Katalanak oso saio gutxitan gainditu du, hirutan. Jakina, 8c+ zein pixka bat «merkeagoak» diren beste bide batzuk ere egin ditu.
Lehiaketetan buru-belarri ibiltzen den beste katalan batekin, Edu Marinekin, gogoratu gara. Lehiakide bai, baina une honetan zigortua proba batean doping-aren aurkako azterketa batean positibo emateagatik. Harkaitzean oso indartsu dagoela erakutsi nahi izan digu. Eta, egia esanda, hala da. Bere azken kateatze aipagarriena The Mummy bidea izan da. Rodellarren dagoen marra hori 8c zailtasunekoa da, eta Marinek flash eran eskalatu du.
Eta amaitzeko, nahiz eta IFSC-ren zirkuituan ez duen parte hartzen, beste lehiakide gogor baten azken jarduerak azpimarratu nahi ditugu. Gorka Karapeto dugu protagonista; Usobiaga alde batera utzita, euskal lehiakide gogorrena. Bada, azken pare bat asteotan Santa Linyara egindako bisitan azpeitiarrak azpimarratzeko lau bide egin ditu: Ingravid Eskerps (8c, egunean lortutakoa), Rollito Sharma extension (8c), Digital System (8c), Rollito Sharma (8b+, 3 saiotan) eta La ruta del sol (8b flash eran).