Alpinismoa Bereziartu-Otegi sokadaren azken erronka
«Frenesi» Peña Telerako azken bide berria
Josune Bereziartuk eta Rikar Otegik martxoaren 14an zabaldu zuten «Frenesi». 450 metro ditu, eta zailtasun gogorrenak mistoko pare bat luzetan ditu: M6/7koak dira hauek, hain zuzen ere.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Eldarnio amorratua, eroaldi basatia... horixe da, besteak beste, Josune Bereziartuk eta Rikar Otegik Peña Teleran bizi izan duten azken esperientzia. Horrela bataiatu dute, bederen, mendilerro horretan zabaldu duten bide berria: Frenesi. Eldarnio edo eroaldi horren osagai nagusiak, zailtasun teknikoez gainera, jardueran gainditu behar izan zituzten zailtasunetan kontzentratuta daude: ezustekoak, erorketak, finkatzeko ia aukerarik ez... Hori dela eta, Frenesi-k, betiere alpinista hauentzat, erabateko zentzua du.
450 metro ditu marra berriak eta, zailtasun teknikoei begiratuz gero, mistoko M6/7ko bi luze eta izotzean 90ºko pasarte bat ditu. Hori guztia, gainera, hiru luzetan batzen da. Oro har, ez du iraunkortasun handirik, baina, irakur daitekeen legez, badu bere saltsa. Beste datu bat: Bereziartu-Otegi bikoteak Pirinioetan neguan zabaldu duen lehenengo bidea da Frenesi.
Peña Telerako korridore bat egiten ari zirela sortu zen asmoa. Lehenengo neguko bisita zuten alderdi hartan eta, jardueraren ostean, jaisten ari zirela, Otegik Gran Diagonal bidearen eskuinera zegoen goulotte bat jo zuen begiz: «80 metroko pareta mistoa ikusi genuen, eta haren amaieran izotz-jauzi bat antzematen zen. Oso erakargarria iruditu zitzaigun. Jarraian, ingurumari hartan dauden bideen krokisak begiratzen hasi ginen. Quique Villasurrekin hitz egin genuen, eta hark baieztatu zigun guk begiz jotako marra ez zegoela igota. Hori bai, aurreratu zigun goulottera iristeko zatiak eroriko handia zuela eta, jakina, harkaitzaren kalitatea oso kaskarra zela».
Egitasmoari ekiteko prest zirenean, elurra bota zuen; freskoa eta hezea, gainera. Nahiz eta kondizio egokienak ez izan, lehenengo saioari ekin zioten. Hasi bezain laster ohartu ziren ez zela egunik onena. Lehenengo bi luzeak hala nola gainditu zituzten eta, horiek eskalatzen ari zirela, erori eta Otegik sekulako sustoa hartu eta erabat barneratu zuen. Biek ala biek erabaki bera hartu zuten: hurrengo baterako uztea.
Bigarrenean hobeto
Egunek aurrera egin ahala botatako elurra eraldatu egin zen eta, orduan bai, kondizio haiekin bigarren saio bati ekin zioten. Martxoaren 14a zen. 7:30ean lehenengo luzea eskalatzen ari ziren: «Elur gutxiago zegoen, baina hura eraldatua; ez oso egoera onean, baina aprobetxatu beharra zegoen. Tenperatura ez zen zerotik ia mugitzen. Aurreko saialdiko tartea gainditu eta zailtasun tekniko garrantzitsuenetara iritsi ginen. Eroria zuen 15 metroko harresia genuen aurretik. Ez dakigu nola, baina zati gogor hori eskalatu eta haren irteeran geunden. Aitortu beharra dugu, zailtasun teknikoez gainera, aseguratzeko makina bat komeria izan genituela. Bai, goulottera heldu arte ez genuen aseguratzeko aukerarik izan».
Goulottean ziren. Hura ere gainditu eta, ondoren, zailtasunak lasaitu ziren; baina kondizioek txarrak izaten jarraitzen zuten. Berriro ere zailtasunak aurre-aurrean. Goialdean eroria zuen diedro zein sabai banarekin egin zuten topo. Eskuinera jo nahi zuten, baina konturatu ziren hango plakek ez zutela behar adinako izotzik.
Horrela bada, arestian aipatutako diedroan murgildu ziren: «Beraz, eskuineko aukera aproposa zen, marra logikoena; hala ere, diedroak eskainitako aukera azkenean oso ederra izan zen. Kristoren luze batekin borrokatu ginen, Ordesako diedroen izaerakoa. Eta haren amaieran izotz-jauzi bertikala genuen. Luze honek ere lan handia eman zigun. Dorre baten puntan amaitu genuen. Ondoren, 45ºko korridore bat igotzen hasi ginen. 150 metro egin eta eskuinetik zetorren Super Lulu bidearen amaierarekin elkartu ginen. Hor bukatu zen gure bide berria, azken metroak bide horren aldatsetan barrena egiten baitira. Behin gure eskalada amaituta, beste ezusteko bat izan genuen. Harri handi batek Josune kaskoan jo zuen (jarrita, baina lotu gabe zeraman) eta ia dena pikutara joan zitzaigun. Giroa zein kondizioak ikusita, tontorrera ez abiatzea erabaki genuen. Zabaldutako bide berritik rapelatu genuen».