Egile berriei tarte berezia eskainiko die Euskarazko Film Laburren Zirkuituak
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren bosgarren edizioa aurkeztu du. Bihar hasi eta maiatzaren 15a arte, hamar laneko 38 emanaldik osatutako eskaintza izango da Euskal Herrian. Egile eta formatu berrien aldeko apostua egin du ekimenak.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
1997an sortu zen Topagunea Federazioa eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskara elkartek osatzen dute egun. Guztiek dute helburu euskararen erabilera sustatzea, eta, horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola: haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.
Hastear dagoen Laburren Zirkuitua bera ere, beraz, ildo horretatik sortutako ekimena da, aukera ematen baitu euskarazko film laburren ekoizpena ezagutarazteko, eta, bide batez, herrietako kultur eskaintza abe- rasteko ekarpena ere egiten du. Federazioak bere gain hartzen du filmak bilatu, hautatu eta batzeko lana; eta gero nahi duten elkarteei euren herria zirkuituan sartzeko beta ematen die.
Prozesu horren emaitza hauxe da: Zirkuituaren bosgarren edizio honetako eskaintza hamar laneko 38 emanaldik osatzen dute -Euskal Herri osoan- eta lan horietako erdiak baino gehiago egile berrienak dira.
Topaguneko kide Manuel Morenok esan zuen pozarren daudela iazko emanaldi kopuruari eutsi izateagatik -«gauzak ondo doazen seinale»- eta zirkuitua sortzaileentzat «aukera paregabea» dela gogorarazi zuen, euren euskarazko produkzioa ezagutarazteko, plaza berriak eskainiz herri askotara zabaltzen baitira lanak. Herriotako asko txikiak izanik, gainera, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzerik.
Beteranoak eta hasiberriak
Aurtengo apustu berezia egile eta formatu berrien aldekoa izanik, Zirkuituan «beteranoak» diren Koldo Almandozen eta Iñigo Kintanaren lanekin batera, bidea egiten hasi diren Gentzane Agirre, Mikel Alvarez eta Asier Mendoza, eta bideo-sorkuntzan esperimentatzen dabilen Logela Multimedia taldea ere gonbidatu dituzte arduradunek. Gainera, Topaguneak antolatzen duen Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallyaren hiru edizioetan saritutako lan batzuk ere eskainiko dira. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat 10 ordutan grabatu, editatu eta aurkezteko erronka proposatzen zaie.
Atzoko aurkezpenean, Morenok alboan izan zituen Koldo Almandoz, Nahikari Mora eta Gentzane Agirre zuzendariak. Almandozek, adibidez, berretsi zuen «oso garrantzitsua» dela eurentzat ekimena, «berez askotan errazagoa izaten delako kanpora atera eta han gure lanak erakustea etxean erakustea baino. Topaguneak oso ondo bete du lan hori eta emanaldi kopurua ere handitzen doa, hori bada seinale bat», esan zuen. Egun zinemagintzaren munduan jazotzen diren fenomenoei keinu egin izana ere goretsi zuen. «Mugak gero eta lausoagoak dira, eta formatuak eta zinearen diskurtsoa bera ere ari da nolabait aldatzen», esan ostean, alegia, donostiarrak gaineratu zuen teknika ezberdinak batzen dituzten lanak ari direla pisua hartzen: «Garrantzitsua da Zirkuituan ere zinema tradizionalari kasu egitea, baina joera garaikideei ere bai, hainbat lanek erakutsi bezala. Programa interesgarria da». Agirrek ere esker ona agertu zuen, «halako plataformak oso aukera ona izaten baitira gu bezalako hasiberrien lanak ezagutarazteko».
Hamar istorio ordubetean
Ordubeteko saioak izango dira Zirkuituarenak, eta 10 istorio labur eskainiko dira bertan: Gentzane Agirreren «Unrest» eta «All about eves»; «Azken trena» (Mikel Alvarez); «Columba Palumbus» (Koldo Almandoz); «Momorro» (Asier Mendoza); «Itzalak» (Iñigo Kintana); «Ardauaren negarra» (Logela); «Anteojonudoak» (Kalageli taldea); «Zeruari» (Gaizko Fanarraga eta Ibon Antuñano) eta «Bestaldean» (Trastaka Ekoizleak).
Ikusleak eta egileak elkarrengana hurbiltzea ere xede izanik, saio askotan, proiekzioaren ostean, solasaldia egingo da egileekin, «iritzi trukerako» aukera emanez. Ekimena bihar abiaraziko da Usurbilgo Sutegi auditorioan (20.00), eta Izurako kultur etxean amaituko da, maiatzaren 15ean, 21.00etan egingo den emanaldiarekin.