GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-ren agiria Euskal Herriari

 

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, honako ekintzak hartzen ditu beregain:

Otsailaren 8an, Bergaran,

Espainiako justizia aparatuaren aurka epaitegian lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

Otsailaren 23an, Bilbon, Arnotegi mendian telebista errepikagailu batean ezarritako lehergailuz Espainiako indar polizialen aurka prestaturiko ekintza. Lehergailuaren eztandak kalte materialak eragin zituen.

Otsailaren 29an, Derion, PSOEren egoitzaren aurka lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

Martxoaren 7an, Arrasaten, Isaias Carrasco Miguel PSOEko kidearen aurka armaz buruturiko ekintza, hilik gertatu zelarik.

Martxoaren 21ean, Calahorran (Errioxa), Guardia Zibilaren kasernaren aurka lehergailuz beteriko auto baten bidez buruturiko ekintza, guardia zibil bat zaurituz eta kalte material handiak eraginez.

2004an Zapatero Espainiako presidentziara iritsi zenean, PPren Euskal Herriaren aurkako zortzi urteko errepresio eta zapalkuntza basatiko agintaldiaren ostean, ikuskizun zegoen PSOEren Gobernuak Euskal Herria eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka negoziazio bidez gainditzeko aukerari nolako erantzuna emango zion.

Gerora, garaturiko negoziazio prozesuan Espainiako Gobernuak hautu okerra egin zuen. Gezurra eta engainua bere politikaren ezaugarri nagusian bihurtuz, Zapateroren helburua euskal independentismoaren borroka indargabetzea eta ETA errendizio prozesu batera eramatea izan zen, gatazka konpondu gabe utziko zuen irtenbide faltsu bat bilatuz.

Espainiako Estatuak ez du Euskal Herriaren eskubideak aitortzeko prozesurik garatu nahi izan eta Zapaterok, Gonzalezen eta Aznarren bide berbera hartu du. PSOEko Gobernuak, salbuespen egoerak ezarriz, askatasun demokratikoen urraketa mugara eramanez eta errepresioa esparru guztietara zabalduz, Euskal Herriaren borroka xehatzea helburu duen estrategian urrats berriak egin ditu. Espainiaren batasunaren izenean «independentismoaren aurka guztiak balio du» konsignari jarraituz, Rubalcaba ministroak Gonzalezen agintaldian ikasitako Estatu terrorismoaren praktika gaurko beharretara egokitu du.

PSOEk esku batean Espainiako Konstituzioa hartuta, beste eskuarekin beste itzuli bat eman dio errepresioaren noria kriminalari. Independentziaren aldeko eragileak eta militanteak desegiteko helburuan ezer baztertu gabe. Eskubide eta askatasun demokratiko guztiak txikituz. PSOEko militanteek ez dute ba pentsatuko inpunitate osoz euskal militanteak torturatu, atxilotu, bizi osorako kartzela zigorra ezarri edota alderdiak legez kanporatzen ikustean, ETA besoak gurutzaturik geratuko denik, ezta? Beraien buruak aurrerakoi eta demokratatzat dituztela dioten PSN eta PSEko sozialistei, hala badira behintzat, estrategia basati honetatik aldendu eta Euskal Herriaren ukazioa eta salbuespen egoera iraunaraztea helburu duen politika neo-faxistarekin amaiaraztea dagokie.

Eta orain, 2008an, Zapaterok, Espainiako Gobernuko hauteskundeak irabazi ondoren, negoziazio prozesuan zehar konpondu nahi izan ez duten gatazka berdina eta bere ondorio guztiak aurrez aurre ditu. Eta hala izaten jarraituko du 2009an, 2010ean, 2011n... Espainiako Estatuak ez baitu egonkortasun politikorik ez eta bakerik izango Euskal Herriaren autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideak onartuko dituen arte.

Rubalcabak urte luzetako «biolentzia» iragartzen duenean, Euskal Herriaren eskubideak ukatzen jarraitzeko eta «Espainia batuaren» proiektua indarrez inposatzen jarraitzeko asmoa dutela esanez ari da. Rubalcabaren mehatxuek eta iragarpenek, 30 urte geroago Espainiako Estatua zapalkuntza aro berri bat prestatzen ari dela erakusten digute.

Gezurra eta manipulazioaren politikari jarraiki enfrentamendu armatuaren luzamenduaren erantzukizuna ETAren bizkar gainean kokatzeko mezu horren oinarrian, Espainiako gobernuaren aurrera begirako eskubide guztien urraketa justifikatzeko asmo zekena besterik ez da ezkutatzen. Euskal herritarren aurkako sarekadak, espetxeratzeak, torturak eta Estatu terrorismoaren erasoak zuritzeko nahikeria besterik ez da.

Espainiako Estatuak euskal herritarren borondatearen aurka Konstituzio espainolaren mugak inposatzen jarraitzeko hautua egin du. Eta PNV bere bidelagun izaten ari da eta izango da, Urkulluk Aberri Egunean argi adierazi zuenez. 79an Suarezen aurrean makurturik ikusi genituen PNV eta EEko buruzagiak. Moncloako besarkada egin zuten orduan, gure herria zatitua, ukatua eta burujabetzarik gabe mantentzen zuen Gernikako Estatutua sinatuz. 30 urte geroago, asmo berdinean ari dira PNVko burukideak, Moncloako Estatutuaren eraberritzea ekarriko duen itun berri baten bila oraingo honetan. Orduan salatu genuen modu berdinean, «lenteja plater baten truke» eta beren interesak babestearren, Euskal Herriaren eskubideak saltzeko prest daude burukide jeltzaleak. Horretan saiatu nahian dabiltza. EiTBn ezker abertzalearen jarduera ezkutatua eta boikotatua da, herri honen errealitatea desitxuratzera iritsiz. Baina nola ez da ba horrela izango, independentismoaren alde borrokatzen dutenak azukrea uretan bezala urtuko zirela iragarri zuena izan bada orain arteko telebistaren kudeatzaile? Euskal Herrian ETBko buruzagi izatetik PNVko buruzagi izatera kargu aldaketa bat besterik ez da, egun bateko kontua.

Frankismoaren amaieran bizi izan genuen testuinguru politikoa datorkigu gogora, sasi-transizioak, kolaborazionismo zekenak eta jukutriak. Honen guztiaren parean, aldiz, etorkizuna erabaki eta independente izan nahi duen herriaren ahotsa entzuten da.

Frantziako Estatuaren aurrean milaka boza altxa dira herri bat gara oihukatuz, milaka herritarrek abstentzioarekin aski da oihukatu diote Zapaterori eta enparauei. Atarratzetik Balmasedara, Irunberritik Bergantzura, Ondarroatik Lizartzara, herritar independentistek egindako hautuak erakutsi du errepresioak ez duela sekula isilaraziko Euskal Herriko Estatua eraikitzea helburu duen borroka. Parisetik edo Madriletik inposatzen dizkiguten asimilazio politiken aurka, euskal hezkuntza propioa sortzea, euskara ofiziala aldarrikatu eta eskuratzea, marko ekonomiko propioa garatzea baita euskal herritarrok egin dugun hautua.

Euskal gazteriak ez du oharkabean pasatzen utzi oraingoan ere dagokion erantzukizuna. Frankismo garaian bezalatsu, oztopo, errepresio, inposaturiko hezkuntza eta hizkuntza legeei oldartu eta egun gaztea denak euskaraz aritu eta bizitzeko hautua eginez gero, etorkizuneko Euskal Herriko Estatuaren zutaberik garrantzitsuenetarikoa eraikitzen ari dela badaki eta egiteko horri lotzen zaio. Bestenaz bai baitaki, Espainia eta Frantziako estatuen baitan asimilatua izateko zorigaitza izango dugula.

Langileriaren eta oro har herritarren bizi baldintzak, bestalde, sistema neoliberalaren joko arau basatien eta arau horiek gure herrian kudeatzen eta aplikatzen dituzten administrazioen politiken ondorioz, mugarik gabe larriagotzen ari dira. Areago ziklo ekonomikoaren aldaketa eta krisi ekonomiko gogorra iragartzen zaigunean.

Euskal Herriak Estatu propioa eraikitzearekin etorriko diren egiturazko soluziobideak behar ditu, justizia sozialean oinarritutako sistema ekonomiko eta soziala eraikitzeko alegia. Esparru sozio-ekonomiko propioa egituratzeko baliabideak eskainiko dituen marko demokratikoa behar du, etorkizuna herritarren eskubideen neurrira eraikitzeko.

Honengatik guztiagatik, ETAk honakoa adierazi nahi du:

1.- Euskal Herriaren zapalkuntza eta ukazio egoera iraunaraztea bilatzen duten itun politikoek, kaltea besterik ez diote ekarriko gure herriari, eta ondorioz gatazkaren luzamendua.

2.- Euskal Herriari beste ziklo autonomiko espainol bat inposatzeak, gure Herriaren desegitean eta asimilazio prozesuan sakontzea eragingo du. Honenbestez, UPNk, PSOEk eta PNVk jakin behar dute marko autonomista espainola ez dugula inoiz onartu eta ez dugula sekula onartuko. Helburu hori bilatzen duten itunak Euskal Herriaren askatasun osoa nahi dugunok azken 30 urtetan egin dugun bezala borrokatuko ditugu.

3.- Sarkozyk eta Alliot-Mariek Euskal Herriaren aurka ezarri dituzten asimilazio politika eta mekanismoak alboratzea beste soluziobiderik ez dute, ezin baitiote bizkar eman Euskal Herrian independentziaren alde loratu den zikloari.

5.- Euskal Herriaren eskubide guztiak ezagutuak izatearen alde borrokatu eta Euskal Herriko Estatua eraikitzeko bidean indarrak biltzeko garaiak dira. Euskal herritarren gehiengo zabal batek Euskal Herriko Estatuaren proiektuarekin bat egiten duenaren ziurtasuna daukagu, proiektu horretan herritar guztiok lekua dugu eta helburu horren alde lan eta borroka egiteko deia luzatzen diegu euskal herritarrei.

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista! Jo eta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,

2008ko martxoan

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo