Andoni Barreña Durango 1936 Kultur Elkartea
Durangarrok esker txarrekoak ote gara?
Joan den astelehenean, martxoaren 31n, 71 urte bete ziren faxistek Durango bonbardatu eta 300etik gora herritar hil zituztenetik. Aurten ere, beste behin, hainbat durangar Andra Mari elizpearen inguruan batu ginen egun horretan, ekintza hori salatzeko eta arbuiatzeko eta, nolabait, halakorik berriro inon inoiz gertatu ez dadin eskatzeko. Ekitaldiak badu bere garrantzia, oraintsura arte «lur azpian gorde diren isildutako berbak» izan dira-eta.
Edozelan ere, bonbardaketaren ondoren Durangoren garbiketaz eta berreraiketaz hainbeste lan egin zuten batailoietako preso-langileei eskertzeko garaia ere heldu dela uste du Durango 1936 Kultur Elkarteak. Faxistek Espainia osotik ekarri eta lan egitera behartu zituzten. Besteak beste, Andra Mari eliza eta elizpea konpondu zituzten. Preso-langileak Bilboko Orue etxean eta Durangoko Nevers ikastetxean egondako espetxeetatik ekartzen zituzten, azken hori emakumeen kartzela izan aurretik. Gainera, preso-langileek askotan lagundu zieten hainbat durangarri gerra-osteko bizimodu latza gainditzen.
Herria garbitzeko inguruko baserritarrak ere beharrera behartu zituen errejimen berriak. Durangarrok, ordea, bai herrikideei, bai preso-langile horiei halako lana egiteagatik inoiz eskerrik eman diegu? Udalak eskerrik erakutsi ote die? Herritarrok halako eskaririk egin dugu?
Bada garaia esker txarrekoak izateari uzteko! Horregatik, Durango 1936 Kultur Elkarteak honakoa proposatu gura du: durangarrok eta gure erakundeek Durango garbitzen eta berreraikitzen jardun zuten preso-langileei eskerrak ematea, dela gure eskerrik beroenak jasoko lituzkeen plakaren bat edo oroitarriren bat jartzea, dela zor diegun omenaldia antolatzea.
Eskerrik asko guztiei eta hurrengo martxoaren 31ra arte.