GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Kontseilua hamar urte

«Euskaraz bai» adierazpenarekin bat egitera animatu dituzte herritarrak

Ikastea eta erabiltzea da euskarak behar duena, alde egotea baino gehiago. Hala adierazi zuen Xabier mendigurenek Kontseiluko sortzaileei eskerrak emateko ekitaldian. «Euskaraz bai» adierazpena aurkeztu zuen hizkuntzaren normalizazioaren ahaleginean elkarlana sustatzeko.

p020_f01_199x104.jpg

Maider IANTZI

1997ko martxoan «Euskararen Unibertsoa» jardunaldiak izan ziren Donostiako Costa Vasca hotelean. Ehunka adituk hausnartu zuten hizkuntzaren inguruan eta euskalgintzak bilgune bat behar zuela erabaki zuten. Handik hilabete batzuetara, abenduaren 6an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zen. Garai hartako hainbat erakundetako ordezkariak hotel berean elkartu ziren atzo.

Han ziren «Jakin»eko Joan Mari Torrealdai eta Paulo Agirrebaltzategi; «Euskaldunon Egunkaria»ko Martxelo Otamendi; «Hik-Hasi»ko Joxe Mari Auzmendi; EKBko Joxe Jabier Iñigo; AEK-ko Joanmari Larrarte; Euskal Konfederazioko Alberto Atxotegi; Elkar-eko Mikel Arrizabalaga; EHEko Jagoba Zulueta; Urrats Euskaltegiko Jexux Arrizabalaga eta UEMAko Iñaki Arregi. Baita Laura Mintegi eta Iñaki Zabaleta ere. Ez orain hamar urte bezain gazte, baina euskararen eremu osoan euskaraz normaltasunez bizi gaitezen lan egiteko ilusio berarekin.

Xabier Mendiguren idazkari nagusiak eskerrak eman zizkien guztiei eta bereziki gogoan izan zuen Fernando Muniozguren. Sorrerako sentimendu hura oroitzeaz gain, «Euskaraz bai» adierazpena sinatzeko deia egin nahi izan zien eragileei, erakundeei eta gizarteari. Dokumentu horretan euskararen egoeraren azterketa eta etorkizunerako erronkak azaltzen dituzte normalizazioaren ahaleginean elkarlana bultzatzeko. Euskararen egoeraz egindako hausnarketa jende gehiagorekin partekatu nahi dute eta atxikimenduak biltzen ari dira www.kontseilua.org/euskarazbai gunean.

Kontseiluko eragileek adierazpenean erraten dutenez, euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza da eta bertan izan dezakeen garapenaren baitan bakarrik ziurta daiteke bere biziraupena. «Euskarak etorkizuna behar duelako, iraungo duen hizkuntza izatea nahi dugulako eta euskal herritar guztien hizkuntza izatea nahi dugulako», ezinbestekoa deritzote bere garapena ziurtatzeari.

Beren iritziz, nahiz eta osoki euskaraz bizitzeko aukerarik ez egon, gaur egun, neurri handi batean bizimodua hizkuntza horretan egiten duen gizarte zabal bat dago eta euskalgintza du bilgune. Kontseiluko kideek ere euskaraz normaltasunez bizitzea aukeratu dute. Horretarako baldintzak sortu nahi dituzte, hizkuntzarentzat esparruak garatu eta zabaldu.

Zein egoeratan gaude?

Batzar Nagusiak euskararen gaur egungo egoeraz hausnartu du eta oinarrizko irakurketa horren berri ematen du «Euskaraz bai» idatzian. «Egindako lanari esker, euskal herritarren euskararen aldeko jarrerak azken hamarkadetan bilakaera baikorra izan duela ukaezina da. Gehiengo zabalaren jarrera euskararen aldekoa da, euskararen zabalkundea eta normalizazioa lortzearen aldekoa. Baina euskararen garapena nahi baino mantsoago ari da gertatzen», hala baloratzen dute.

Euskal Herriko biztanleen laurdena euskalduna da. Egindako ahaleginak kopuru hori handitzea ekarri badu ere, handitzea ez da izan, Kontseiluaren arabera, normalizazioa lortzeko adinakoa. Erabilerarekin ere gauza bera gertatzen dela deritzote: nahiz eta euskaraz gehiago mintzatu, egoera normalizatuak izanen lukeen erabileraren azpitik gaude oraindik.

Adierazpenean baieztatzen dutenez, euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak. Hainbat eremutan, euskaraz bizitzeko aukera dagoenetan, ahalegin berezia egin behar dugu, ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erdaraz garatzen delako.

Egoera honetan, euskalgintzak elkarlan jarduera aberasgarria eraiki duela nabarmentzen du Kontseiluak. «Elkarlan giro horren emaitza oparoa da euskarari emandako bultzada, ehunka gizarte eragileren ekarpena eta instituzioetan lortutako eragite lana».

Etorkizunera begirako lan ildoak ere finkatzen dituzte dokumentuan. Alde batetik, euskararen berreskurapen prozesua azkartzeko, ahalik eta eperik laburrenean euskara ez dakitenek ikastea eta erabilera beste esparru batzuetara zabaltzea ezinbestekoa dela uste dute. Baita ere funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea, euskara lehentasuneko hizkuntza izatea eta lan politiko-instituzionala eta soziala norabide berean joatea.

Ekitaldiaren bukaeran, Xabier Mendigurenek abenduaren 13a agendan gorriz markatzeko eskatu zuen, orduan izanen baita urteurreneko ekitaldi nagusia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo