GARA > Idatzia > Kultura

«Iparraldea bertan!»-en Filipe Oihanburu omenduko dute aurten

Koldo Mitxelena kulturuneak eta Euskal Kultura Erakundeak udaberriro antolatzen dituzten «Iparraldea bertan!» jardunaldiak aurten ere egingo dituzte. Apirileko ostegun guztietan, Bidasoaz haraindiko kulturarekin hitzordua izango da Donostian.

p065_f01_148X136.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Filipe Oihanburu koreografo eta abesbatza-zuzendari beteranoarekin solasaldi bat, bi kantaldi eta antzezlan bat dira Koldo Mitxelena kulturuneak eta Euskal Kultur Erakundeak «Iparraldea bertan!» jardunaldien aurtengo egitarauan eskainiko dituzten ekitaldiak.

Daniel Landartek eta Frantxis Lopez Landatxek atzo prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, apirileko ostegun guztietan, 19.30ean, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kulturarekin hitzordua izango dute Donostiako Koldo Mitxelenara bertaratzen direnek.

Bihar, Kattalin Indaburu eta Amaia Riouspeyrous kantariak arituko dira, biak ala biak nafarrak. Landartek aurreratu zuenez, errepertorio tradizionala jorratuko dute, baina, tarteka, kanta berriak ere kantatuko dituzte. Bakoitza bere aldetik arituko da. Alde batetik, Indaburu, Philippe Alborrek (gitarra) eta Marie Hirigoienek (flauta) lagunduta; eta Riouspeyrous, bestetik, Jean-Christian Hirigoienek (soinu handia) lagunduta.

Datorren astean, apirilaren 10ean, Filipe Oihanburuk jendaurrean erantzungo die Eneko Bidegain kazetariak eginiko galderei. «Jardunaldi hauek antolatzen hasi ginenez geroztik, urtero pertsona bat omendu nahi izan dugu eta aurten pertsona hori Oihanburu izango da», argitu zuen Lopez Landatxek.

Eresoinkaren itzalean

Daniel Landartek gogorarazi zuenez, Filipe Oihanburu euskal dantza eta kantekin 1936an zaletu eta trebatu zen, Biarritzen, hegoaldeko errefuxiatuek Biarritzen osatutako Eresoinka ekimen historiko haren itzalean. Geroztik, munduan barrena euskal kulturaren enbaxadore ibili da, gehienbat berak sortutako Etorki konpainiarekin. Egun, 85 urte dituen arren, Etorburu abesbatza zuzentzen jarraitzen du. «Badu zer kontaturik Oihanburuk!», nabarmendu zuen Landartek.

Apirilaren 17an, beste kantaldi bat izango da, orain dela hilabete batzuk «Amodioz bizi» diskoa plazaratu zuen Kantiruki taldearekin. Maitena eta Terexa Goikoetxeak eta Sylvie Brustek osatzen dute Kantiruki. Hauek ere, Indaburu eta Hirigoien bezala, nafarrak dira, zehatz-mehatz, baigorriarrak. Koldo Mitxelenan, Mikel Erramouspe eta David Usabiaga izango dituzte gitarrarekin lagun.

Jardunaldiak apirilaren 24an bukatuko dira. Egun horretan, Fafiole Palassiok «Tartean» antzezlana jokatzeari ekingo dio. Ordubete inguruko bakarrizketa da, bideoz eta marrazkiz hornitua. «Tartean» lanaren testua Michel Azamak frantsesez idatzi, eta Miren Artetxek eta Iñaki Etxelekuk euskaratu dute.

«Iparraldean bertan!» jardunaldiak aurten zazpigarren aldiz egingo dituzte. Publiko aldetik oso harrera ona izan ohi dutela nabarmendu zuen Landartek.

Iparra-Hegoa, harremanak sendotzeko aukera bikaina Seguran

Zazpi herrialdeen arteko harremanak estutzea helburu duten XIII. Iparra-Hegoa jardunaldiak martxan dira. Astean zehar, ekitaldi asko egingo dituzte Seguran, hala nola hitzaldiak -gehienak itsasoarekin zerikusia dutenak, hori baita aurtengo gai nagusia-, bertso afaria, edota haurrentzako jolasak. Hala ere, egitarau sendoena astebururako utzi dute, jakina. Larunbatean, beste gauza askoren artean, mendi irteera, mus txapelketaren finala eta, gauean, Iñazki talde lapurtarrarekin dantzaldia egingo dituzte. Igandean, berriz, goizean hasita, egun osoko festa prestatu dute: musika, dantza, zazpi herrialdeetako artisautza azoka, txakolin dastaketa, herri bazkari eta guzti. M.A.

OSTEGUNERO

Filipe Oihanburu koreografo beteranoarekin solasaldi bat, bi kantaldi eta antzezlan bat dira Koldo Mitxelenak eta Euskal Kultur Erakundeak aurten programatu dituzten ekitaldiak.

AZKEN GAUA PRESO

Kartzelan azken gaua pasatu behar duen emakume baten gogoeta da «Tartean». Testigantza errealetan oinarrituta dago. Michel Azamak egoera horretan ziren hamabi emakumeri zituzten kezken berri eskatu, eta horiek guztiak ahots bakar batean bildu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo