Arrasateko alkatearen aurkako zentsura moziorik ez da aterako
PSEk ez ditu bere esku Arrasateko alkate Ino Galparsoro kargutik kentzeko beharrezkoak dituen hamaika bozak. EAJ eta Aralar alderdiek mozio zentsuraren aurkako erabakia hartu dute eta, ondorioz, ezinezkoa da PSEren ekimena aurrera ateratzea. EBk bere Arrasateko zinegotzien iritziari muzin egin, eta aldeko jarrera agertu zuen. Baita EAk ere; nahiz eta gero aurka dagoela esan ohar baten bidez.
GARA |
EAJ eta Aralar alderdien ezezkoa dela medio, Arrasateko alkate Ino Galparsoro (EAE-ANV) bere kargutik kentzeko PSOEk asteotan bultzatu duen zentsura moziorik ez da gauzatuko, bi alderdion babesik gabe ezinezkoa baitzen aurrera ateratzea. EBk eta EAk, ostera, zentsura mozioaren aldeko jarrera agertu zuten atzo goizean PSEren Donostiako egoitzan, EAE-ANVk izan ezik gainerako alderdi politikoek egin zuten bileran. PP eta PSOE haserre bizian agertu ziren, nagusiki EAJren jarrera dela-eta. PSEko Manuel Huertasek, haserre, jeltzaleen erabakiak PSOErekin aurrerantzeko harremanak baldintzatuko dituela ohartarazi zion EAJ alderdiari.
Ordu erdi eskas iraun zuen atzo Donostiako PSEren egoitzan ezker abertzaleak izan ezik gainontzeko alderdi politikoek egin zuten bilkura horrek. Gai zerrenda bakarreko bilkura izan zen: Ino Galparsoro Arrasateko alkate ekintzailearen aurka PSEk bultzatu nahi izan duen mozio zentsura onartu ala ez aztertzea. EAJko GBBko presidente Joseba Egibarrek ezezkoa eman zion PSEren ekinaldiari, baita Aralarrek ere, eta ondorioz ezinezkoa da zentsura mozioa aurrera ateratzea. EBk eta EAk, aldiz, PSEren asmoari baiezkoa eman zioten bilkuran. Hala ere, Eusko Alkartasunak, urgentziazko prentsa oharra kaleratu zuen bileraren ostean, eurek mozio zentsura ez dutela babesten esateko. «Iniziatiba hau aurrera ateratzeko baldintza bakarra erabakia talde politiko guztiek aho batez hartzea izan da», argudiatu zuen EAk.
Izan ere, PSEk -Arrasaten lau zinegotzi ditu- hamaika boto behar zituen ezinbestean euren asmoa aurrera ateratzeko. EAJk ere lau zinegotzi ditu, hiru EBk, bat Aralarrek, beste bat PPk eta beste bat Eusko Alkartasunak. Beraz, EAJren eta Aralarren babesik gabe ezingo litzateke onetsi zentsura moziorik.
PSEko Gipuzkoako presidente Manuel Huertasen ustez, EAJren eta Aralarren erabakia «terrorismoaren aurkako borrokan koldarkeriaz jokatzea izan da, oinarrizko printzipio demokratikoak iraintzen dituela».
Alternatiba «pedagogikoak»
Joseba Egibarrek egindako adierazpenetan, jeltzaleen erabakiak EAJren EBBren babesa du, eta halako ekimenek -zentsura mozioek, alegia-, «normalizazio jokaleku progesiboetara» egiten laguntzen ez dutelako, nagusiki, ez dute aldeko jarrera izan.
Hala ere, Egibar prest agertu zen bestelako alternatibak bilatzeko «pedagogia soziala eta politikoa» egitearren ezker abertzalearen bozkatzaileekin, bere aburuz, hor baitago egiteko lana. Gainera, PSOEri ere hausnarketa egiteko deia egin zion, bere esanetan, alderdi espainol horrek erabaki baitzuen udal eta foru hauteskundeetan EAE-ANV zein udalerritan aurkez zitekeen eta zeinetan ez. Halaber, gogor kritikatu zuen EAE-ANVren jarrera, baita Galparsorok dimisioa aurkeztu ez izana ere.
Lakuako Gobernuko bozeramaile Miren Azkaratek ezbaian jarri zuen PSOEren «koherentzia», orain hilabete batzuk beraiek onartu zutelakoan alderdi ekintzaileak udal eta foru hauteskundeetan parte hartzea.
Nabarmentzekoa da Arrasateko Ezker Batuko bi zinegotziek -hirugarrena Zutik-ekoa da-, Joseba Ugaldek eta Ander Rodríguezek, zentsura mozioaren aurkako jarrera azaldu ziotela EBko Presidentziari, horrek, euren iritziz, «ez baitu konponbiderako laguntzen». Baina EBren zuzendaritzak, ordea, PSEren ekimena babestu zuen Donostian egindako bileran. Eusko Alkartasunak egin zuen bezalaxe.
Arrasateko EBko bi zinegotziek mozio zentsuraren aurka zeudela adierazi zioten alderdiko Presidentziari eta, hala ere, Ezker Batuak alderdiak alkate ekintzailearen aurkako ekimena babestu zuen PSOEren egoitzan.
Atzo goizean PSEren Donostiako egoitzan alderdi politikoek egin zuten bilkuran, Eusko Alkartasunak mozio zentsura babestu zuen. Gero, urgentziazko ohar bidez, aurkako jarrerari heltzen diotela jakinarazi zuten.