GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Pertsonalki, gehiegikeria eta lintxamendu mediatikoa bizi izan dut»

 
INO GALPARSORO
ARRASATEKO ALKATEA

ETAk otsailean PSEko zinegotzi ohi Isaías Carrasco hil ostean, EAE-ANV alderdia Arrasateko agintetik kentzeko dinamika abiarazi zuen PSOEk. Galparsororen aurkako zentsura moziorik ez dela egongo jakin ostean hitz egin du GARAk Arrasateko alkatearekin.

Zer-nolako balorazioa egiten duzu zure aurkako zentsura moziorik ez dela egongo jakin ostean?

Saiakera guztiz interesatua eta egoera baliatuz egin den planteamendu bat izan dela uste dugu. Egia esan, entzun ditugun argudioak ez zaizkigu gehiegi gustatu. PSOEk bere esku zeukala guk aurkeztu ahal ez izatea esatea, bada, triste samarra iruditzen zaigu. Edozein kasutan, agerian geratu da benetako saiakera zintzo bat izan beharrean, bakoitzak guztiz interesaturik jokatu duela. Eta amaitu da, amaitu den moduan. Amaitu bada, behintzat. Behin eta berriz agerian geratzen dena zera da, benetako irtenbide bat bilatzearen aldeko apostua ez bada egiten, horrelako gauzekin ibiliko garela batean bai, eta bestean ere bai. Borondatea eta saiakera horretarako eskatu behar dela uste dugu.

Eta pertsonalki nola bizi duzu guzti honen jomugan zu ezarri izana?

Niri izena gastatu samarra ikusi dut, bai. Gogorra. Gehiegikeria eta lintxamendu mediatiko bat bizi izan dut, pertsonalki, zeren eta inolaz ezagutu gabe, zuzenean, izenarekin sartu dira, ez karguarekin. Baina nire ingurukoek ere ez dute nik baino hobeto igaro. Erabat neurritik kanpokoa izan da.

Honek guztiak herrian ere eragina izango zuen, ezta?

Herrian ikusmina antzeman dut. Baita, hainbat, neke sentsazioarekin ere. Ez baita lehenengo aldia. Orain dela 10 urte Arrasaten egoera bera bizi izan baitzen, eta orduan alkatetza kendu zioten ezker abertzaleari. Eta herriak bai gogoratzen duela hura, ez zuelako ezertarako balio izan. Zeren eta badakite Udalean horrelako gauza bat aurrera eramateak ez duela ezertarako balio. Baina, egia da, zehazki Isaías Carrascoren heriotza, gertakari larri baten gisa bizi izan dela orokorrean. Eta benetako irtenbide baten beharra agertu da atzetik. Elkartasun handia sumatu dudala esan beharra daukat, baita denen atzean nahi bat ere: Noiz bilatuko dugu benetako irtenbide bat herri honetan? Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo