Amnistiaren aldeko mugimenduak webgunea berritu du
GARA |
Amnistiaren aldeko mugimenduak www.askatu.org helbidean duen webgunea berritu du. Euskal preso eta iheslari politikoen gaineko informazioa emateaz gain, herrietan egiten diren ekimenen berri ere eman nahi du bitarteko horren bidez; horregatik deia egin du herri edo auzoetan gertatzen diren deialdi, mobilizazio eta gertakariak helarazteko.
Webguneko atal nagusia tokian tokiko albisteek eta nazio mailakoek osatzen dute. Hor irakur daitezke Fernando Etxegarai preso politiko ohiak bere egoera azaltzeko igandean GARAn eta «Berria»n argitaratutako elkarrizketak. Ikus-entzunezko beste eduki ugari ere badaude.
Horien artean, Etxegarairi berari egindako elkarrizketa bat, Igor Portu lesakarrak Guardia Zibila- ren esku zela jasandako torturak erakusten dituzten argazkiak eta Gazte Topagunean Joseba Sarrionandiak euskal iheslari politikoen izenean helarazitako mezua daude besteak beste.
Webgunea osatzen duten gainerako atal nagusien artean, salaketak egiteko tokia, euskal preso politiko eta espetxeetako informazioa, amnistiaren aldeko mugimenduak landutako dokumentuak eta bideo-audioak daude.
Preso eta errepresaliatuen alde hainbat musikarik egindako kantak ere entzungai daude.