GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Hasi da Flandesko aste handia

Enrico Gasparotto nagusitu da La Panneko lehen etapan eta bera da aurreneko liderra

Gorabehera asko izan ditu etapak eta tropelak minutuko atzerapena izan du

GARA | DONOSTIA

Enrico Gasparotto italiarrak (Barloworld) irabazi zuen La Panne-ko Hiru Egunetako lehen etapa. Bera izan zen onena Middelkerke eta Zottegem lotzen zituen 192 kilometroko ibilbidean eta, etapa garaipenarekin batera, liderraren maillota ere jantzi zuen 26 urte dituen 2005eko Italiako txapeldunak.

Gasparottorekin batera ihes eginda beste hiru txirrindulari iritsi ziren helmugara: Luca Paolini (Acqua Sapone), Manuel Quinziato (Liquigas) eta Niki Terpstra (Milram). Garaipena esprintean erabaki zen eta Gasparottok aurrea hartu zien bai Paolini eta Quinziato italiarrei, bai Terpstra nederlandarrari.

Atzetik, izen handiz osatutako taldetxo batek ihes egin zuen tropeletik, eta 15-30 segundoko atzerapenarekin iritsi ziren helmugara. Horien artean aipagarrienak, Alessandro Ballan -iazko txapelduna-, Baden Cooke edota Bernard Eisel izan litezke. Tropel nagusiak minutuko atzerapena pilatu zuen azkenean.

Etapa mugitua izan zen orokorrean, eta Flandesko Itzuliari begira lehiakide garrantzitsuak izango direnak ikusteko aukera izan genuen. Preben Van Hecke izan zen bakarlanean saiatu zena. Tropelari 11 minutuko aldea ere atera zion, baina iheslariaren bila 16 gizonez osatutako talde beldurgarria abiatu zen, tartean, Tom Boonen edo George Hincapieren mailako txirrindulariak zituena. Gainera, Zottegemeko barrutira heldu bezain laster eroriko bat izan zen pelotoian eta Leif Hoste flandestarra kolpatua suertatu zen.

Tinkoff, Lombardian

Alberto Loddo italiarra da Lombardiako Asteko lehen liderra. Taldekako erlojupekoak hasiera eman zion atzo itzuliari, eta Tinkoff talde errusiarra izan zen denetan azkarrarena Brignanoko 18 kilometroak betetzen. Di Lucaren eta Savoldelliren LPR taldeari 9 segundoko aldea atera zion, eta 21ekoa Rabobanki.

EGOI EDER VALDES, BIGARREN JARRI DA. Egoi Eder Valdes gidari nafarra Espainiako Mendi Txapelketaren sailkapenean bigarren jarri da, asteburu honetan Moratallako Igoeran lortutako bigarren eta hirugarren postuei esker. Pantxo Egozkuek zortzigarren eta bosgarren postuetan amaitu zuen lehiaketa horretako lehen hitzordua.

DI LUCA AFERA

CONIko epaileak Sapienza Unibertsitateko hiru sendagileri Danilo Di Luca italiarrari beste osasun azterketa bat egiteko eskatu die. Iazko Giroaren irabazlearentzat bi urteko zigorra eskatzen du fiskaltzak.

KLODEN, AHUL

Andreas Kloden alemaniarra ahul dabil. Gaztela eta Leongo Itzulian erretiratu egin behar izan zuen, eta atzo jakinarazi zuen La Sartheko Zirkuituan ez duela parte hartuko. Iaz berak irabazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo