Ezustez beteta, bertan da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala
Txapela eskuratzeko faboritorik ezin izan zuten aipatu atzo, Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean arituko diren sei bertsolariek. «Ziurgabetasunaren lehia izango dugu aurtengoa», nabarmendu zuen Asier Otamendik Gasteizen lehiatuko den bertso saioari buruz. Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Zigor Enbeita, Andere Arriolabengoa eta Asier Otamendi arituko dira Principal Antzokia girotzen eta bertaratuko diren guztiei «ilusioa» eskaini nahian.
Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ
Andere Arriolabengoa aramaioarra izango da aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketaren finaleko aurpegirik berriena, gainontzeko bost bertsolariak plaza honetan aurretik lehiatutakoak baitira. «Nire lehen finala izanik, ilusioz beteta nago. Erronka nagusia bete dut jada, txapelketan egon ahal izatea, alegia -dio bertsolariak-. Larunbatean Principalen eman nahiko nuke kanporaketetan eman dudan guztia».
Manex Agirre, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta iazko txapeldun Oihane Perea ere bat datoz Arriolabengoarekin, «ilusioa, gogoa eta irabazle izatea» dute guztiek ere finalerako helburu. «Erronka handia lortu nuen iaz txapela lortuta -gogora ekarri du Perea gasteiztarrak-, eta aurten ere neureganatzea dut helburu. Ilusioa dut, eta gozatu nahiko nuke».
Faboritorik ezin asmatu, edo aipatzeko beldurrez agian, -batek daki-, mintzatu ziren atzoko aurkezpenean bertsolariak. «Edonork irabaz dezake; beraz, ziurgabetasunaren txapelketa dugu hau, ustekabe ugari sortzeko gai izan daitekeen txapelketa», nabarmendu zuen Asier Otamendik, dagoeneko eta aspaldidanik, bere burua arabartzat duen bertsolari urretxuarrak. Gasteizera Elikadura ikasketak egitera etorri, eta bertan geratu zen Otamendi. Arabako Bertsolari finalean zortzi txapela jaso ditu ordutik; azkena, 2005ean.
Lehenengoz bi emakume
Zigor Enbeita izan zen 2006an Otamendiri txapela kendu ziona. «Txapelketan izena emateak esanahi argia du: helburua irabaztea izango da. Hala ere, aurten iaz baino umilago etorri naiz, denbora faltan ibili naiz saioak prestatzeko, baina finalean sartzea lortu dut eta borroka egingo dut», aipatu zuen atzoko agerraldian azken lau urteetan Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakari izan denak. Iñaki Viñasprek, berriz, lehia gosez datorrela adierazi zuen irribarrez: «Iaz bigarren geratu nintzen, eta, neu behintzat, ez nator oso umil. Iaz oso ondo aritu nintzen, eta, aurten, hobetzera egingo dut; lehen postua lortzen saiatuko naiz». Viñaspre 2000. urtean hasi zen bertso eskolan, eta azken hiru urteetan finalean sartzea lortu du.
Manex Agirreren planetan irabazteaz mintzatzeak ez du lekurik. «Lan saioa ona egin, hori baino ez dut buruan»; aipatu zuen. Aramaioarraren ustez, «Principal Antzokira bueltatzeak jendea erakarri egin du. Are gehiago aurtengo kanporaketak ikusita, finala are hobea izango baita». Gauzak ondo joango direlako susmoa du bertsolari honek. Izan ere, otsailean Laudio, Lantziego eta Aguraingo kanporaketetan, 50 entzule inguru bildu ziren saioetara; Ondategiko eta Aramaioko finalaurrekoetan, berriz, 150 lagun izan ziren.
Arabako Txapelketaren Finala larunbatean, arratsaldeko 5etan hasiko da. Gasteizko saioak Rakel Anitua eta Pablo Pagegi izango ditu aurkezle eta gai emaile, hurrenez hurren. Epaileak, berriz, Xabier Ormaetxea, Patxi Aizpuru, Ekaitz Elorriaga, Felix Irazustabarena eta Mirari Azula izango dira; Mikel Ruiz de Azua izango da epaile idazkaria.
Aurreberoketa bazen ere, sei bertsolariek honakoa kantatu zuten atzo puntuka: «Sei bertsolari gaude, ta txapela bakarra/ hori zoritxarra/ bakoitzak erakutsi behar du indarra/ segurtasuna, eta noski, irribarra/ non jarrita daukagu/ nork daki gaur marka/ txapela nahi duenak lehiatu beharra». «Psikologikoki bada ere, inoiz txapela eskuratu ez duenak ez dauka ezer galtzeko. Hortaz, kontuz ibili hemendik!», bota zuen umoretsu Oihane Pereak.
«Psikologikoki bada ere, inoiz txapela irabazi ez duenak ez du galtzekorik; hortaz, kontuz...», esan zuen umorez atzoko prentsaurrekoan Oihane Pereak, 2007ko txapeldunak.
Azken hiru edizioetan Jesus Guridi Auditoriumean egin da Arabako Bertsolari Txapelketa; baina, aurten, bere hastapenetara bueltatuta, Principal Antzokian izango du finalak tokia. Egungo Arabako txapeldun Oihane Pereak atzo aipatu zuenez, «plusa ere bada Principal Antzokia berreskuratzea, glamour berezia baitu toki horrek».
Bederatziehun lagunentzako eserlekuak jasotzen dituen Gasteizko antzoki publiko handiena betetzea izango da Arabako Bertsozale Elkartearen erronka. Ez da, ordea, lan zaila izango bertsolaritzak Araban azken urteotan izan duen gorakada kontuan hartuta.
«Aurtengo edizioan inoiz baino parte hartzaile gehiago egon da. Ez da erraza izan finalerako txartela lortzea. Guztira 21 lagun ibili dira lehian; horietatik finalistatzat hartzen genituen asko kanpoan geratu dira -adierazi zuen Pereak-. Mugak gainditu egin dira, eta estresa hor izan badugu ere, berri ona da beti ere honaino ailegatu eta finalean lehiatzeko aukera izatea».