GARA > Idatzia > Mundua

Soja ekoizle handiek errepideak mozten jarraituko dute Argentinan

Cristina Fernández Argentinako presidenteak nekazari txikien aldeko neurriak aurkeztu baditu ere, ekoizle handiek adierazi dute, oraingoz, ez dituztela etengo soja esportatzeko zergen igoera dela-eta egiten ari diren greba eta errepide mozketak.

p030_f01_199x116.jpg

GARA |

Argentinako presidente Cristina Fernándezek nekazari txikien aldeko neurriak iragarri zituen astelehenean, baina nekazariek ez zioten nahikoa iritzi erabaki horri, eta dagoeneko hiru aste bete dituen grebari eustea erabaki zuten.

Telebista bidez zabalduriko diskurtso batean, soja esportatzeko zerga %25 igoko zela baieztatu zuen Fernándezek, martxoaren 11n erabaki zuenari jarriki, baina konpentsazioak izango zirela nabarmendu zuen.

Nekazaritza arloko buruek, ordea, zergen igoera 90 egunez etetea eskatu dute, eta Argentinako errepideak mozten jarraituko dutela adierazi zuten, horrela nekazaritza produktuen salmenta ekiditeko. Esnea baino ezin izango da saldu.

«Beste behin eskatzen dizuet: utzi kamioiei pasatzen. Ez zarete herri honen jabeak», bota zien Fernándezek lur- jabeei.

Argentinako presidenteak aurkeztu zituen neurrien artean aipatu zuen 500 tona soja baino gutxiago ekoizten dituzten nekazariek ez dutela zergaren igoera ordaindu behar izango.

Landetatik portuetara 400 kilometro baino gehiagoko distantzia dagoenez, soja garraiatzeko jasoko dituzte Gobernuaren laguntzak.

Argentinako Gobernuak emandako datuen arabera, lur-jabeen %20k sojaren ekoizpenaren %80 kontrolatzen du. Soja ia guztia esportatu egiten dute. Orotara, 30 milioi hektarea soja landatu dituzte. Gobernuak salatu duenez, sojaren aldeko apustua gari, arto eta behien kalterako izan da batik bat, alegia, Argentinako kontsumitzaileen okerrerako.

Cristina Fernándezen Gobernua sostengatzen dutenek, neurri horiek nekazaritza oligarkiaren boterearen aurka hartu direla adierazi dute.

Horren haritik, presidentearen aldekoek manifestazio batera deitu zuten atzo Buenos Airesen ekoizle handien protestari aurre egiteko. Azken asteotan, goi eta erdiko klaseko argentinarrak, desadostasuna adierazteko, lapikoak eskuan atera dira kaleetara, beste askotan langileriak egin izan duen moduan. Fernándezek berak, «dirudunen eta herriaren arteko lehia» gisa aurkeztu zuen egunotan Argentinan gertatzen ari dena.

jaki eskasia

Lur-jabe handiek sojaren gatazka dela-eta egiten dituzten errepide mozketen ondorioz, Argentinako hiri askotara jakiak ez dira lehen bezain sarri heltzen; denda ugaritako apalak hutsik daude azken egunotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo