Edu Alonso: «Etxetik at gusturago ari gara orain»
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Etxetik kanpo irabazi ezinak beheko postuetan murgilarazi zuen Alaves negu partean. Bost partida jarraian galdu zituen Mendizorrotzatik at abendutik martxora bitartean. Horixe izan zen beraz, Josu Uribe kargutik kentzeko arrazoietako bat. Salmerón etorri zenetik, taldeak ez du Gasteizen irabazi, baina Alacantetik eta Kordobatik lau puntu ekarri ditu azken bi irteeretan; hobetze horretan du Edu Alonsok konfiantza jarrita; Eibartik ere zerbait ekartzeko esperantzan da.
«Beti esan izan da zelai horretan borrokak eta lanak garrantzi handiagoa dutela kalitateak baino. Gu ez gaude ezer oparitzeko, eta eurak etxean jokatutako azken partidan gol asko egin zizkioten Teneriferi. Hala ere, azkenaldian gu etxetik at Mendizorrotzan baino gusturago ibili ohi gara. Azkenaldian, zailtasunak zailtasun, taldeak puntuak eskuratu ditu eta sentsazioa orain hilabetekoa baino askoz hobea da. Taldeak, etxetik kanpo, badu lehen erakusten ez zuen ziurtasuna», adierazi zuen hegaleko atzelari bilbotarrak.
Derbiak beti izaten dira bereziak, baina babazorroak ez daude halakoetan pentsatzeko. «Gu albo batera gaude, jendearentzat bidaia erosoa da, festa gozatzeko aukera dauka, baina guk ez daukagu horretan burua. Prentsan eta irratian, jendeak hitz egingo du horretaz, baina guk irabaztean soilik pentsatzen dugu. Ea gure zaleek gozatzeko aukerarik duten», gaineratu zuen Alonsok.