GARA > Idatzia > Ikusmira

Madrilen hasi dira postuak eta jarrerak prestatzen

Atzo espainiar Kongresuko eta Senatuko mahaiak osatu zituzten. PSOEren eta EAJren arteko aldez aurretiko akordiorik gabe, jendaurreko akordiorik gabe, behinik behin. Hala ere, Jose Ramon Beloki jelkidea Kongresuko Mahaiko bigarren idazkari izango da sozialisten botoei esker. EAJk, gainera, Senatuan talde propioa osatu ahal izango du PSOEk utzitako sei senatariekin, eta alderdi jeltzaleak José Bono Kongresuko presidente hautatzeko botorik eman behar izan gabe. PSOEk pluraltasun eta are eskuzabaltasun irudia eman du; eta, hala, alde batetik, eskuzabaltasun horren ordaina eska lezake ondo datorkionean. Bestetik, zeinahi norabidetako aliantzak egiteko baldintzarik gabe hasiko du legegintzaldia alderdi horrek, etorkizunean oposizioko alderdi nagusiarekin itunak egiteko aukera, oraingoz urruna, baztertu gabe. EAJk estimatu du keinua, baina PSOErekiko akordio bati begira, ez dago posturik onenean.

Atzo espainiar parlamentu-ganberetan gertatutakoak jauregiko prestaketei dagozkie, eta Rodríguez Zapateroren alderdiaren norabide berririk ez dute iragartzen prestaketa horiek. Nolanahi ere, Euskal Herritik begiratuta, ustezko pluraltasun horrek ez du iragartzen ezta ere gatazka luze batek eskatzen duen konponketari heltzeko borondaterik. Izan ere, hartarako, irudia baino gehiago behar baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo