San Martin leizeko zentral hidroelektrikoa, ezohikoa aldez aurreko ikerketari dagokionez ere
Edozein proiektu abiarazi aurretik, edozein azpiegitura egin baino lehen, ohikoena da, eta zentzuzkoena, proiektuak inguruan izan dezakeen eragina ikertzea. Zer esanik ez, proiektua koba batean egitekoa denean. Zuberoa eta Nafarroa artean dagoen San Martin leize erraldoian gaur inauguratuko duten zentral hidroelektrikoaren eraginak, ordea, ez du inolako ikerketarik behar izan. Edo, behar bazuen ere, inork ez du egin. Zentrala egiteko proiektua orain dela ia 50 urte baztertu zuen frantziar Estatuaren elektrizitate konpainiak; baina orain dela bi urte Suez talde frantziar-belgikarrak proiektua berpiztea erabaki zuen, inguru hori turismoaren bidez ustiatzeari begira. Euskal Herriko bazter horretara joan, eta zentrala estreinatu, behintzat, egingo dute. Zentralaren atzean den xede turistikoak edo, bestela esanda, aurrerago milaka lagunen bisitak izan ditzakeen eraginak ere ez dira argitu.
Nafarroa Garaiaren erabakigunea handik urrun dagoen era berean, Zuberoarena ere lekutan dago; zentral hidroelektrikoa eraikitzeko erabakiaren kasuan, Frantzian eta Belgikan. Euskaldunen erabakitzeko gaitasuna hutsaren hurrengoa baita, lur azalean adina lur azpian.