GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Saltsa ederra NaBai koalizioan

Koalizioa edo beste zenbait arlotan erabiltzen den terminologia erabiliz, «enpresen behin-behineko elkartea»; zer da gaur egun Nafarroa Bai? Hondarreko asteetan biderkatu egin dira talde honetan barne arazoak, eta inoiz baino argiago aditzen dira kanpotik beren arteko eztabaidetan luzatutako hitz gogorrak. Gatazkak lehertu egin dira hainbat herritan, zuzendaritza mailan ere bai, eta ez du ematen erraz gaindituko dituztenik.

NaBai eraikitzeko, interes komunak jarri zituzten alderdien interesen gainetik, izan ere, lau alderdiek ederki zekiten nekez aurkituko zutela bizirauteko eta ezker abertzalea ahultzeko aukera hoberik. Ilegalizazioaren alaba da Nafarroa Bai, boza emateko eskubidearen urraketan oinarritutako egitasmoa. Asmakizunak funtzionatu du, nahiz eta denboraren poderioz koalizioak ezker abertzalearen esparru historikoan lehen unean izan zuen sarrera galduz joan den. Nafarroan zegoen aldaketa egarria baliatuz oso emaitza onuragarriak lortu zituzten 2007ko udal eta foru hauteskundeetan. Baina gauza bat da koalizioari eusteko ados jartzea, eta beste bat egunoroko jardunean bat egitea. Handiak dira lau alderdien arteko ezberdintasunak. Finean, EA da historian jendarte esparru sendoa duen bakarra, baina Aralarrek hartu nahi izan du lehen unetik talderik garrantzitsuenaren protagonismoa, besteak beste, EAJren laguntzari esker. Jeltzaleek bozka gutxi dituzte Nafarroan, baina diru asko dute, eta haien egitatezko eragina emankorra da, batez ere komunikabideen arloan. Baina EAko hainbat burukideren pazientzia agortzen ari da, nonbait. Agian azken hauteskundeetako emaitzek kezka areagotu egin dute, NaBairen mugak agertu direlako. Eten egin da gorako joera, eta PSNren norabideak saltzeko produkturik gabe utzi ditu Zabaleta eta Barkosen taldekideak.

NaBai osatzen duten alderdiek ongi dakite gaizki ibiliko liratekeela koaliziotik kanpo, eta inork ez du bereganatu nahi hausturaren ardura. Horregatik, krisialdia konpontzen saiatuko dira. Erakusten ari diren irudia ez zaie komeni, eta ahalegin handiak eginen dituzte konpontzeko, edo, bederen, lehiak jendearen bistatik aldentzeko. Baina jada mahai gainean daude labanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo