GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ertzaintzak hiru gazte atxilotu ditu igaro den urriaren 12an Falangearen aurka Donostian izandako istiluengatik

p017_f01.jpg

GARA |

Askatasunak aditzera eman zuenez, atzo goizeko lehen orduetan Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen Donostiako Antigua auzoan, Zumaian eta Eibarren, joan den urriaren 12an Donostian izan ziren istiluetan parte hartzea egotzita. Horietako bi, epailearen aurretik igaro ostean gelditu ziren aske, eta hirugarrena, Eibarkoa, aldiz, 13.00etan.

«Desordena publikoak» leporatuta, Polizia autonomikoak 7.00etan atxilotu zituen hiru gazteak, etxean zirenean. Donostiako Antigua auzoan Miguel Angel Fernandez eraman zuten ertzainek atxilo; Zumaian, aldiz, Igor Lazkano. Eibarren, adin txikiko hirugarren gaztea atxilotu zuten, hau ere etxean zela.

Hiru gazteoi «desordena publikoa» egotzi die Ertzaintzak, joan den urriaren 12an faxistek Gipuzkoako hiriburura egindako etorreraren haritik izan ziren gertaerekin lotzen baitituzte. Lakuako Gobernuko Barne Sailaren esanetan, «ikerketa trinko» baten ondoren egin dituzte atxiloketa hauek.

Ez dira lehenbizikoak

GARAri jakinarazi ziotenez, Eibarren Ertzaintzak atzo atxilotu zuen gaztea 17 urtekoa da. Hala ere, adin txikiko gaztea 13.00-etan askatu zuen Poliziak, 7.00etan atxilotu zutenetik Eibarko komisarian eduki ostean. Beste bi gazteak, ordea, Donostiako Antiguako polizia etxean eduki zituzten, Gipuzkoako hiriburuko 4. Instrukzio epailearengana eraman eta 18.00etan aske gelditu ziren arte. Izan ere, Donostiako Epaitegia da aipaturiko liskarrak ikertzen diharduena.

Hala ere, gogora ekarri behar da, 2007ko urriaren 12an Donostia osora zabaldu ziren istiluak zirela medio, pertsona andana identifikatu eta atxiki zituela orduan Ertzaintzak. Are gehiago, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Polizia espainolak urriaren amaieran hasi eta azaro osoan jarraitu zuen polizia operazioan atxilo eraman zituen hainbat gazte donostiarri aipaturiko eguneko liskarretan parte hartzea egotzi zieten.

Nabarmentzekoa da, egun hartan Donostiako Bulebarrean faxisten aurkako jaialdia egiten ari zirenean, Ertzaintzak, bere kabuz, indarrez kolpatu zuela jaialdia, eta Falange espainoleko ekitaldiari, berriz, bere horretan eutsi. Azkenik, istiluak Donostia osoan zehar zabaldu zirela ikusirik, faxistek Garberako parkingean egin zuten protestaldia; ordukoa da Ertzaintzaren burua eta Falangeko kideak elkarri bostekoa ematen agertzen direneko argazkia.

«Faxistak defendatzen»

Kalte material ugari izan ziren urriaren 12ko kale istiluen ondorioz. Donostiako Udalak ondorengo egunetan esan zuenez, kalteak 100.000 euro baino gehiagokoak izan ziren eta, Ertzaintzaren arabera, 53 salaketa baino gehiago jaso zituzten.

Askatasunak gogor salatu zituen atzoko atxiloketak, bere esanetan, atzemate horiek «Ertzaintzak estatuen apustu errepresiboari egiten dioten ekarpenaren baitan» kokatzen dira. Faxistak Euskal Herrira datozenean Ertzaintzaren «babes osoa» izaten dutela gaitzetsi zuen antolakundeak, «aldarrikapen arrazista, xenofobo eta frankistak egitean». Aitzitik, beraien aurka protesta egitera hurbiltzen diren herritarrei «EAJren Poliziak eraso egiten die», gaineratu zuen.

«Honek argi erakusten digu Ertzaintzak jokatzen duen funtzio errepresiboa norainokoa den, faxistak defendatu eta independentistak egurtzerainokoa, hain zuzen», kritikatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo