GARA > Idatzia > Pilota

BEREZKOAK

Ibarrolak eta Ozafrainek aurrera egiteko azkeneko aukera dute

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ibarrolak eta Ozafrainek finalerdietan izateko azkeneko aukera dute gaur arratsaldean. Horixe dute ligaxka labur hauek, hutsik egiteko ia tarterik ez dagoela. Donapaleuko Saint Jayme trinketean neurtuko dira Etxeberriren eta Kurutxarien aurka, 17.00etatik aurrera. Lehenengo partida galdu egin zuten pasa den larunbat eguerdian Baionan, Sorhueten eta Ezkurra II.aren aurka.

Gaurko partidak ondorio garbi batzuk utziko ditu. Etxeberrik eta Kurutxarik irabazten badute, finalerdietarako txartela lortuko dute, baita Sorhuetek eta Ezkurrak ere. Ibarrolak eta Ozafrainek, aldiz, ez dute horretarako inongo aukerarik izango, beraientzat gaur amaitzen baita lehen fasea. Etxeberrik eta Kurtutxarik, aldiz, datorren asteburuan jokatuko lukete multzoko lehen postua Sorhueten eta Ezkurraren aurka, nahiz eta biak sailkatuko liratekeeen

Ibarrolak eta Ozafrainek irabaziko balute, berriz, oraindik ezer erabaki gabe geratuko litzateke, eta datorren astebururako geratzen den partidan zer gertatuko zain egon beharko lukete guztiek.

Etxeberrirentzat eta Kurutxarirentzat hau izango da aurtengo lehiaketako estreinako partida, eta horiek beti dira arriskutsuak. Gaurko neurketarako Ibarrola eta Ozafrain aterako dira faborito. Joan den larunbatean galdu arren, itxura bikaina eman zuten, biko oso sendoa osatzen baitute. Aurkariak, ordea, oso arriskutsuak dira, eta kontuz ibili beharko dute.

Bigarren jardunaldia bihar amaituko da Milafrangan, bertan 18.00etatik aurrera Idiart-Waltari Alfaro-Dermiten aurka neurtuko baitira. Zaleak kubatarra ikusteko irrikaz daude, atzelari moduan arituko baita txapelketa honetan. Beraiek dira norgehiagoka irabazteko faborito, eta garaipena erdiesten badute hauek ere finalerdietako txartela segurtatuko dute jardunaldi baten faltan, bestela, itxaron egin beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo