Arte afrikarraren adierazle diren 135 pieza bildu dituzte Biarritzen
«Pentsakera magikotik artearen mirakuluraino» izenburuarekin, arte afrikarrari buruzko erakusketa berezia ikusgai dago gaurtik aurrera Biarritzeko Santa-Eukene kriptan. Kontinenteko tribu-zibilizazioen sorkuntza eta irudimenaren indar paregabea islatu asmoz, «eragin majikoa eta sakratua» izan duten ehun obra baino gehiago bildu dituzte bertan.
Izaro AULESTIARTE | BIARRITZ
Ekainaren 22a bitartean Biarritzeko Santa-Eukene kriptan ikusgai izango den erakusketak Afrikako artearen mundu anitz eta aberatsera hurbiltzeko aukera eskaini nahi dio bisitariari, bertako adierazpen artistiko eta kulturalak hobeto ulertzeko.
Arduradunek nabarmendu bezala, alegia, gure Mendebaldeko gizartean ahaztuak izan dira nolabait lehengo zibilizazioak, baina berriz ere onarpena eskaini zaie azkenaldian. Horren adibidetzat aipatu dute, besteak beste, Pariseko Branly kaiko erakustokiaren arrakasta. Afrika, Ozeania eta Ameriketako arte eta zibilizazioei buruzko erakustokiak, 2006ko ekainean ireki ondoren, hilabetero 125.000 bisita jasotzen baititu.
Bada, herritarrek agertu duten interes eta ikusmira hori kontuan hartuta dator, nolabait, Biarritzeko ekimena bera ere. Bertan begi bistan jartzen dira lehengo denboretan eragin majikoa eta sakratua izan zuten 135 bat obra baino gehiago. Eta maskarak, arbasoen zurezko edo harrizko irudiak, fetitxeak zein atabalak izpirituen munduan osoki murgilduta dagoen bizimolde bat agertzen dute.
Honen guztiaren berri emateko atzo Donostian egindako prentsaurrekoan, Biarritzeko udal Kultur zuzendari Marie-Christine Rivièrek nabarmendu zuen erakusketa «berezia» dela honakoa, ez baita artista bakar baten obraren gainekoa: «Hainbat artisten ingurukoa da, eta ziurrenik, gainera, ez dira artista gisa ezagutu orain artean». Hain zuzen ere, erakusgai dauden obra guztiak Akitaniako bildumagile batzuen proposamen zuzenaren fruitu dira: Catherine eta Patrick Sargos senar-emazteek, zein hauen senideek, 25 urtean bildutako artelan afrikarrekin sortutako kolekzio osoaren selekzio hau lehenbizikoz utzi dute jendaurrearen eskura.
Alde sakratutik arte ikuspegira
Patrick Sargosek gogorarazi zuen Saharaz azpiko Afrikako biztanleen uste dela izpirituez inguratuta daudela, baita ere euren tribuek izpiritu horien laguntza eta babesa izan dezaten erritu zein bestelako zeremoniak egitea beharrezkoa dutela. «Erritu horiek aurrera egiteko, ordea, eskulturez baliatzen dira, euren eta izpirituen arteko bitartekari lana horiek egin dezaten -argitu zuen-. Orotariko estatuak eta maskarak egin ohi zituzten, denborarekin garapen ezberdina izan dutenak. Eta hala iritsi gara gure zibilizazioan, Europan, egiten direnekin zerikusi gutxi duten irudi eta forma oso estrukturatu eta garatuetara».
Azaldu zuenez, euren kolekzioko 135 obrez osatutako aukeraketa hau Biarritzeko erakusketarako lagatzean bilatu dutena zera da: «Objektu edo pieza ezberdinen sorkuntzako ahalmen eta indarra erakustea». Errituetan gurtzarako erabiltzen zirenean, dena den, artelan izateko bokaziorik ez zutela ere gogorarazi zuen, «nahiz eta gaur egun argi eta garbi guztiok ikusten dugun hala direla».
Ikusgai dauden piezen eta Donostiako Tipula enpresak prestatutako eszenografiaren arteko «elkarrizketa» gisa definitu zuen Patrick Sargosek Biarritzekoa, azken horien «ahalegina» eskertuz. Bada, aipatutako «elkarrizketa» hori erraztearren, areto nagusiak egingo dio harrera bisitariari. Bertan, mapak aurkituko ditu (kontinente osoko bat eta areto bakoitzeko zehatzak ere bai, testuez osatuta).
«Arte afrikarra. Pentsakera magikotik artearen mirakuluraino» izeneko erakusketako ibilbiderako, ikusgai dauden pieza guztiak etnien arabera, eta batik bat eremu geografikoen arabera sailkatu dituzte.
Hala, «Mendebaldeko Afrika» -Boli Kosta, Burkina Faso, Ginea, Ginea Bisau, Mali, Sierra Leona, Liberia, Ghana, Togo, Benin-, «Nigeria», «Kamerun» zein «Ertafrika eta Ekialdeko Afrika» -Gabon, Kongo, Kongoko Errepublika Demokratikoa (lehen, Zaire), Angola, Zambia, Sudan, Tanzania- dira bisitariak bertan aurkituko dituen espazioak.
Hazan argitaletxeak erakusketako izenburu bereko katalogoa plazaratu du, Sargos zientzialariaren zuzendaritzapean egina. Honi esker, Biarritzeko erakusketa hobeto ulertzeko aukera dago, testu eta ikerketa etnografiko ugari eskaintzen baititu.
Los dos creadores africanos trabajarán en Bilbao Arte durante tres meses. A finales de mayo expondrán sus trabajos en el Aula de Cultura de la BBK.
Los representantes del movimiento Pintura Popular en la República Democrática del Congo tienen problemas con el Gobierno, pues sus cuadros denuncian las injusticias.
25 urte baino gehiago dira Catherine eta Patrick Sargos senar-emazteak Afrikako piezak eskuratzen hasi zirela. Kontinentean biak lanean zebiltzala ohartu ziren Patricken herenaitona izan zela arte afrikarra Akitanian kolekzionatu zuen lehena, eta beste anaia batek ere afizio bera izan zuela jakin zuten gero. «Beraz, honakoa Sargos familiaren kolekzio osoko parterik garrantzitsuena duzue».
Erakusketa: «Arte afrikarra. Pentsakera magikotik artearen mirakuluraino». Non: Santa-Eukene kripta (Biarritz). Noiz: Ekainaren 22a arte.
Ordutegia: Egunero, 14.00etatik 19.00ak arte. Asteartetan, itxita.