Zementua ekoizten duten enpresak nazionalizatuko dituela iragarri du Chávezek
Zementuaren industria nazionalizatuko duela iragarri berri du Hugo Chávez presidenteak. «Nahikoa da, zementu gehiena kanpora eramaten dute. Hori berreskuratuko dugu», esan du. Neurri honek enpresa atzerritarren haserrea piztu du, mexikarrena batez ere.
GARA |
Venezuelak beste urrats bat eman du enpresen nazionalizazioan. Ostegunean, Hugo Chávez presidenteak zementuaren enpresak nazionalizatu egingo dituela iragarri zuen. Hala, Ramón Carrizales presidenteordeari «industria honen jaunekin» hitz egiteko agindua eman zion.
Kapitalismoak zementuaren industria handienak pribatizatu zituela, eta horien etekinak Venezuelatik kanpo eramaten dituztela nabarmendu zuen. «Nahikoa da, zementu gehiena eramaten ari dira. Hori guztia berreskuratuko dugu; behar den adina ordainduko dugu», aldarrikatu zuen. Erabakiaren berri emanez, Carrizales enpresaburuekin ipini zen harremanetan atzo, zementu enpresak erosteko asmoa dutela jakinarazteko.
Etxebizitzak eraikitzeko egitasmoak zementu beharrarengatik behin baino gehiagotan atzeratu behar izan ditu Gobernuak. «Aberatsek beren etxeak egin nahi badituzte, egin ditzatela; baina besteak errespetatuz», plazaratu zuen Chávezek. Presidentearen hitzetan, egungo etxaldeak ordezkatzeko etxe duinak eraikitzea da helburua.
Bere aurkariek herrialdean dagoen etxebizitza gabezia erabili ohi dute argudio gisa, «Gobernu bolivartarraren gaitasun eza» agerian uzteko.
Enpresa atzerritarrek, mexikarrek batez ere, ez dute erabakia begi onez ikusi. Izan ere, Cemex taldea Venezuelako zementu eta betoi ekoizle garrantzitsuena baita, eta mundu mailan hirugarrena. Mexikok Venezuelan dituen interesak «zilegiak» direla, eta horiek defendatuko dituela erantzun zion Chávezi Felipe Calderónen Gobernuak. «Chávezen adierazpenak noraino iristen diren jakin nahian», enbaxadore venezuelarrari dei egin zioten.
Estatu frantsesak «berri zehatzagoak» izan arte ez duela adierazpenik egingo esan zuen.
Venezuelan ekoizten den zementu eta betoiaren %52 Cemex talde mexikarraren kontrolpean dago. Chávezen asmoak gogor salatu ditu enpresak