Julen MURGOITIO
Haize-orratz berezia
Urak nahastuta doaz aldapan behera. Ez, ez nago Himalaiatik Tibet alderantz jaisten diren ur nahasi horiez. Euskal Herriko urez nago, Itoitz gogoan. Baina ez igaro den aste santu horretan izandako ur eta elur ekaitzek gure inguruko ibai-erreketara bideratu dituzten ur nahasi jatorroz. Horiez ere ez, demontre! Sabin Etxeako ibar artifizialeko ubide zementatutik doazen ur nahasiez nago. Ingelesezko zientziak badu horretan interesik, espezie endemikoak ageri omen direlako horko habitatean. Nano-zientziak batez ere, hemen azaltzerik merezi ez duten arrazoi ezagunengatik. Bada, bai, jelkideek komenientziako kargaontzian doaz urotan barrena, beheko monarkia bananeroaren banderapean. Monarkia errepublika balitz eta bananak transgenikoak ez balira sikiera, motiboren bat izango genuke jauntxorik, goikoa izan edo behekoa izan, eta lege zahar batzuk ere onartzen ez ditugun euskaldunok beheko estatuaren hiriburu hartara noiz edo noiz joateko. Bestela ez da giro. Begira noraino heldu den Sabin Etxeako klima Euskalmet bera dagoela estazio meteorologiko bat ipintzekotan hantxe. Neurgailu gutxirekin osatu liteke estazioa aterpe horretan; nahikoa lirateke termometroa eta haize-orratza, eta hura ere saihestu liteke, kasuan kasu. Are gehiago, Euskal Energiaren Erakundea haize-orratzaren mugimendua baliatu nahian dabil, energia ekoizteko; alderdi jeltzalea ezagututa, urte askotarako energia sortu baitezake etengabeko norabide aldakorrean sigi-saga ibiltze horrek, energia iraunkorra, beraz. Beste kontu bat da ea nahikoa litzatekeen energia hori Etxean bertan duten kontsumoari eusteko, gauez ere etxaurreko santu guztiak argiztatuta izaten dituzte eta. Dena dela, harako haize-orratza berezia izango litzateke, 180 graduko birakoa, beste aldera begira sekula, santa bada ere, ez delako orratza paratuko; gainera, harako haize-orratzak eliz dorrea izango luke azpian, dena kit berean, lege zaharraren haritik. Etxe horretan bertan foka-haztegi bat jartzea ere ba omen dute jelkideek buruan. Izan ere, behin eta berriz ari dira egunotan lau haizetara esaten 2008 honetan larrua uzteko prest daudela. Ez naiz ondo enteratu zertan utziko duten larrua, eta noren larrua utziko duten, baina badaezpada haztegiak badu izateko arrazoia. Beste gauza bat da foken iritzia, baina ez dut uste Eusko Jaurlaritzako Soziometrokoek horiengana joko dutenik. Batek daki! Foka gazta ere egin zezaketen!