Hollywoodek komikietako superheroien aldeko apustua egin du
Fernando MEXIA | LOS ANGELES
Hollywoodek ezin izan dio muzin egin komikietako superheroiek azkenaldian lortutako ospeari eta, ondorioz, pertsonaia mitiko hauen naturaz gaindiko ahalmenak ardatz duten hainbat filme kaleratuko ditu.
Batman, Spiderman eta Suparman izango dira ikusleriaren arreta bereganatzen saiatuko direnetako pertsonaietako batzuk.
Ironman, Wonder Woman eta Captain America bere aldetik, hiruak batera agertuko dira 2009an estreinatuko den «Justice League of America» filman.
Horiek hala, DC Comics argitaletxearen saguzar gizona Gotham defendatzen saiatuko da udara honetan «The Dark Knight»en. Batmanen papera berriz ere, Christian Balek egingo du, eta orain gutxi zendu den «Brokeback Mountain»eko Heath Ledger protagonista ere ikusi ahal izango da Joker maltzurraren paperean.
DC Comics argitaletxeko Supermanen eta Wonder Womanen filmak ikusteko, hala ere, urte bete itxaron beharko da. «Superman: man of Steel» eta «Wonder Woman» 2009an estreinatuko dira.
Spidermanen laugarren filma ere 2009rako aurreikusi dute eta oraindik xehetasun gehiegi ezagutzen ez badira ere, baliteke aldaketak izatea aktoreen zerrendan. Izan ere, oraindik ere ez dute Tobey Maguireren, orainarteko Spidermanaren, presentzia baieztatu eta ekoizleek, jada, hau ordezkatuko luketen hainbat izen dituzte mahai gainean, horien artean Nicholas Brendon eta Jake Gyllenhaal aktoreak.
Datorren urtean, hala ere, izango da beste superheroi batzuk pantaila handian ikusteko aukera. Marvel etxeko Spidermanekin batera, Burdin Gizonaren eta Captain Americaren pasadizoak ere 2009an izango baitdira ikusgai.
Burdin Gizona
Robert Downey Jr.ek Burdin Gizonaren papera egingo du eta filmak, gainera, Gwyneth Paltrow, Jeff Bridges eta Samuel L. Jackson aktoreen partehartzea izango du.
Captain Americaren pelikularen inguruko informazio askorik ez dute zabaldu, baina seguruenik Independientzia Egunean, uztailaren 4an, estreinatuko dute.
Hori baino lehenago, aurten, «The Incredible Hulk» izeneko filma ikusi ahal izango da zinematan. Azken filma honetako protagonista ez da, aurrekoetan bezala, Eric Banna izango, Edward Norton baizik.
Momentuz Hollywoodek zinemara eramango duen komikietako azken superheroiak X-Meneko bi dira. Izan ere, Otsukume eta Magneto pertsonaiek filma bana izango dute 2009an «X-Men Origins: Wolverine» eta «X-Men Origins: Magneto» izenburupean, hurrenez hurren.
«Watchmen» pelikula ere aipatu behar da, honek hala ere, superheroien gainbehera du hizpide; lege batek euren naturaz gaindiko ahalmenak erabiltzea debekatzen die superheroiak erretirora behartuz.