Beisbola
Navarra taldeak bakarrik lortu du garaipen bat
J.L. | DONOSTIA
Asteburu beltza izan da Ohorezko Mailan dabiltzan hiru euskal taldeentzat. Bakoitzak bina partida jokatu ditu asteburuan, eta horietatik Béisbol Navarra taldeak lortu du garaipen bat.
Iruindarrek Merlinsen aurka jokatu dituzte bi neurketak, eta larunbatekoa primeran joan zen, partida luze eta gogor baten ostean, 4 eta 5 irabazi baitzuten. Herenegun, ordea, gauzak ez ziren horrela izan, eta nafarrek burua makurtu behar izan zuten, 7-1 galdu baitzuten. Merlins taldea da egungo txapelduna.
Iruñeko beste taldea, Pamplonak, alegia, bi emaitzak izan zituen txarrak. Bartzelonaren aurka jokatu dute, eta bietan ere ezer gabe geratu dira. Larunbatean, gauzak ez zituzten batere ongi egin, eta 10-2 galdu zuten. Herenegun hobetu zuten beren jokoa, baina berriro ere galdu egin zuten, oraingoan, 3-0. San Inazio Bilbokoaren emaitzak ere ez dira onak izan. Santboi taldea izan dute aurrean, eta bi partidak galdu dituzte. Lehen neurketako emaitza 1-5 izan zen, eta bigarrena 1-2koarekin amaitu zuten.
Sofbola
Sofbolean ere ez da batere asteburu ona izan. Atlético San Sebastián da Ohorezko Mailako euskal ordezkari bakarra, eta bi partidak galdu egin ditu Hércules taldearen aurka, nahiz eta etxean aritu diren donostiarrak. Lehen neurketan 0-7 galdu zuten, eta bigarrenean, berriz, 0-14 galdu zuten.