GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federaleko Lehen Maila

Donibane Lohizuneri okertu egin zaio Pro 2rako bidea

Nafarroak etxean galdu du, eta mailari eusteko ia aukerarik gabe geratu da. Maulek, aldiz, irabazi egin du eta maila nagusian jarraitzeko moduan dago

p050_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Donibane Lohizuneri okertu egin zaio heldu den urtean Pro 2 Mailan jokatzeko aukera. Partida garrantzitsua zuen Valenceren zelaian. Hori irabazita, multzoko lehen postuan jarriko zen, eta hurrengo fasea jokatzeko txartela ia eskuetan izango zuen. Une honetan, hirugarren dago, hurrengo fasetik kanpo, eta azken jardunaldian, hemendik bi astetara jokatuko denean, irabazi egin beharko du.

Lapurtarrek ezin izan zuten Valencetik garaipenik ekarri, nahiz eta ez zuten oso aparte izan. Norgehiagoka estua eta lehiatua izan zen, baina puntuak etxean geratu ziren, Valencek 30-29 irabazi baitzuen.

Frisonek eta Etxegaraik egin zituzten euskaldunen bi entseguak, eta Elizondok bost zigor-kolpe eta bi transformazio gauzatu zituen.

Maulek eman du asteburuko berririk onena. Zuberotarrak Lehen Maila honi eusteko borrokan ari dira, eta hori lortu egin dute, Poitiersi 16 eta 9 irabazita. Jardunaldi baten faltan, zuri-gorriek beren helburua bete ahal izan dute. Transformatutako entsegu bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituzten.

Berririk txarrena Nafarroak eman du, jardunaldi baten faltan maila galdu baitu. Hori-gorriek lehendik ere ez zituzten aukera asko, baina horretarako ezinbestekoa zuten herenegun etxean irabaztea, baina 19-22 galdu zuten Chateaurenarden zelaian. Gainera, partida azkeneko jokaldian galdu zuten, eta beraiek egindako huts handi baten ondorioz etorri zen kanpotarren azken entsegua. Iturririak egin zuen euskaldunen entsegua, eta jokalari berak transformazio bat, drop bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen.

Ohorezko B Maila eta neskak

Espainiako Ligako Ohorezko B Mailarako igoera fasean bi emaitza oso ezberdin izan dira. Atlético San Sebastiánek 41-17 irabazi zion Coruñari, eta azken kanporaketa jokatzeko sailkatu da, izan ere, joanekoa ere irabazi egin baitzuen, 27-15. Eibar, aldiz, lau puntugatik geratuko da azken kanporaketa jokatu gabe, 18-6 galdu baitzuen Hospitaleten, eta joanekoan, 11-3 irabazi zuen-eta. Donostiarrek azken kanporaketa Hospitaletekin jokatuko dute datorren asteburutik aurrera.

Nesketan, Espainiako Kopako lehen fasea jokatu da, eta Gaztedi eta Getxo finalerdietan izango dira, eta elkarren aurka neurtuko dira, gainera, datorren igandetik aurrera. Bizkaitarrak beren multzoan lehenengo geratu dira, hiru partidak irabazita, eta arabarrak, berriz, beren multzoko bigarrenak dira, partida bat galdu eta bi irabazita. Finalerdietan gurutzatu egin behar zirenez, bi euskal taldeek elkarren aurka jokatuko dute. Garbi dago finalean euskal talde bat, behintzat, izango dela.

Aukerak

Lapurtarrek azken fasea jokatu ahal izateko, ligaxka amaitzeko, irabazi egin beharko dute jokatzeko dagoen jardunaldiko partida, bestela aurrera egiteko inongo aukerarik gabe geratuko baitira.

Ohorezko B maila

Atlético San Sebastiánek bigarren mailan izateko aukera asko du; hala ere, horretarako, Hospitalet kanporatu beharko du. Donostiarrak ari dira apurka-apurka beren lekura heltzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo