Maiatzean, AHTren aurkako ekimen ibiltaria
Maitzaren 5etik 31ra AHTren aurkako ekimen ibiltariak makroproiektu horrek kaltetuko lituzkeen herriak zeharkatuko ditu, bizilagunei eragingo lituzkeen kalteen berri emanez. Azken jardunaldian, AHTren kontrako eguna eta manifestazio nazionala izanen dira Donostian.GARA |
AHT Gelditu! Elkarlanak biltzen dituen auzo mugimendu eta taldeak herriz herri ibiliko dira maiatzean, makroproiektu horrek eragingo dituen kalteen berri emanez bertako bizilagunei. Hala, ekimen ibiltari honen helburua egitasmoa bultzatu duten gizarteko sektoreek gaiaren inguruan egiten duten hausnarketa aztertzea, eta AHTren aurkako dinamikaren aldeko jende gehiago biltzea da.
Ekimena aurrera eramango da maiatzaren 5etik 31ra, eta azken egunean, makroproiektuaren aurkako eguna ospatuko da Donostian, eta bertan manifestazio nazionala ere izango da.
Egitasmoaren bultzatzaileek adierazi dutenez, ekimen horren bidez gizartea «mugitu» nahi dute, «AHTren aurkako mugimendua ekimen erraldoi bilakatuz». «Inposaturiko makroproiektu horren kontrako aldarria kaleratu, eta lau haizetara zabaltzeko bitartekoa izanen da», nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek.
Era berean, AHT Gelditu! Elkarlaneko bozeramaileek azaldu dute informazioa helarazteko egingo den egitasmo horrek balioko duela herritarrek erakusteko Madrildik eta Gasteiztik inposatutako proiektuarekiko «aurkakotasuna». Zehaztu dutenez, «AHTren, lurralde antolaketaren eta gizarte ereduen inguruan herri eztabaida piztea xe- dea du, hain zuzen».
Durangaldeko Gazte Eguna
Beste alde batetik, larunbatean eskualdeko gaztetxe eta gazte asanbladek antolaturiko AHT-ren aurkako Durangaldeko Gazte Eguna izan zen. Hala, goizetik jolasak eta ekitaldiak izan ziren Durangon, baita ere egun jo puntuan dauden hainbat gairen inguruko eztabaidak. Makroproiektuak eragingo lituzkeen kalteen gaineko hausnarketa eztabaidagai izan zuen bilera izan zen jende gehien bildu zuen saioa, 50 pertsona inguru bertaratu ziren-eta.
Horren ostean, antolatzaileek prestaturiko bazkaria dastatu zuten 200 bat gaztek. Gero, 17.ooetan, makroproiektuaren aurkako manifestazioa egin zuten. Amaierako ekitaldian, he-rri bakoitzeko gazte asanbla- dako ordezkari bana agertoki- ra igo ziren, AHT dela-eta herrialde bakoitzean zein nolako egoera bizi duten azaltzearren.
Durangaldeko Gazte Egunari ahalik eta ondoen amaiera emateko, gau partean Rock Maratoia jaialdia izan zen eskualdeko musika taldeen eskutik. Hala, DMTE elkarteak jaialdia aurrera ateratzen lagundu zuen.
Ekimenaren antolatzaileek egunaren balantzea egin zuten, eta oso ondo baloratu. Haien aburuz, jaialdi horren ostean, argi geratu da «Durangaldeko gazteok ez dugula AHT bezalako proiektu txikitzailerik nahi».