Afganistanen 30 zibil hil izana egotzi diete Mendebaldeko okupatzaileei
Matxino islamisten aurkako operazio gisa aurkeztu zuten horretan 30 zibil hil izana leporatu diete Afganistango Nuristan probintziako agintariek Mendebaldeko herrialdeetako eta Hamid Karzaik zuzentzen duen Kabulgo Gobernuko militarrei.
GARA |
Afganistango ekialdeko agintariek AEBen agindupean dauden Mendebaldeko nazioarteko koalizio okupatzailearen soldaduei 30 zibil hil izana leporatu zieten. Igandean, Kabulgo Gobernuaren agindupean dauden soldaduekin batera matxino islamisten aurka egindako operazio batean hil ziren zibil horiek.
Igandean bertan, bai NATOren indarrek, bai Kabulgo Gobernuak «matxino ugari» hil zituztela jakinarazi zuten, talibanen aldekoa den eta lehen ministro ohi Gulbuddin Hekmatyar-ek zuzentzen duen Hezb-i-Islami taldearen aurka izandako borrokan. Nuristan probintziako Shok eta Kendal herrietan egin zuten operazioa. «Oraingoz ez dugu hildako zibilen gaineko informaziorik», esan zuten.
Atzo, Nuristan probintziako gobernadoreorde Mohammad Aleem-ek, berriz, honakoa adierazi zion France Presse agentziari: «Ditudan datuen arabera, 33 pertsona, guztiak zibilak, hil eta 50 baino gehiago zauritu dituzte». Hildakoak Shok herrian izan ziren.
Barrutiko buru Qari Daud-ek ere antzeko adierazpenak egin zituen. «28 hildako gutxienez eta zauritu ugari daude. Horrez gain, zortzi zibil, tartean hamabi urteko nerabea, harrapatu dituzte», adierazi zuen, «oposizioko kideak» ez zirela nabarmenduz.
Shok herriko etxebizitza ugari eta meskita bat suntsitu zutela ere gaineratu zuten biek.
Gobernuak ukatu egiten du
Kabulgo Gobernuko Defentsa Ministerioko eledun Mohammed Zahir Azimi jeneralak, ordea, «biktima zibilen gaineko informaziorik» ez dutela erantzun zion France Presse agentziari. «Halere, ikerketa bat zabaldu dugu», gaineratu zuen.