Adierazpenak
Contador : «Uste baino hobeto aurkitu naiz»
GARA | LEGAZPI
Etapa eta liderraren maillota eskuratuta, oso gustura zegoen Alberto Contador Legazpiko helmugan. Txirrindulari madrildarrak azken kilometroetan berretsi egin zuen aurreko egunetan esandakoa, alegia, Euskal Herriko Itzulia irabazteko asmoz etorri dela . Astana taldearen lan eskergari errematea jarri zion Tourreko egungo txapeldunak. «Uste baino hobeto» aurkitu zela, adierazi zuen etapa burutu ondoren.
«Irabazten saiatuko nintzela esan nuen hona etorri aurretik, ilusio handia egiten baitit. Taldeak lana beltz egin du une oro eta, egia esan, uste baino hobeto aurkitu naiz azken kilometroetan. Izan ere, oso zaila baitzen helmugara ihes eginda iristea; Mosquera oso justu zihoan, eta bere erreleboak ez ziren nahi bezain indartsuak. Zorionez, helmugara bakarrik iristea erdietsi dut», gaineratu zuen.
«Deskargako jaitsieran beldur apur bat izan dut euria zela-eta, baina arriskatu beharra zegoen behetik gora lortutako abantaila beherakoan ez galtzeko. Tira, azkenean alde polita atera dugu», adierazi zuen.
Atzo halako erakustaldia emanagatik, itzulia ez dagoela erabakita ziurtatu zuen Pintoko txirrindulariak. «Oso garrantzitsua izan da gaurko ¯atzoko¯ etapa eskuratzea, baina horrek ez du esan nahi itzulia erabakita dagoenik. Hemendik aurrera, erlojupekora iritsi bitartean, aurrean ibili beharko dugu, eta oso argi ibili behar, gainera. Amaiera bitartean, arerioek ere gero eta zailago jarriko dizkigute gauzak».
Pazientzia falta
Txanponaren ifrentzua Euskaltel-Euskadi taldeko Egoi Martinez zen. Txirrindulari nafarra penatan zen berak sortu ihesaldiaren ibileraz. Arinegi erasotu ote zuen galdetutakoan, sarritan «pazientzia falta» izaten duela aitortu zuen etxarriarrak.
«Espero nuen tropelak denbora gehiago emango zigula, baina tropelak ez digu utzi eta, noski, orduan aitortu beharrean nago erabaki txarra izan dela. Baina horrelakoa naiz. Sasoi onean nago, eta orduan sarri ez dut izaten itxaroteko pazientziarik».
«Dena dela, gure taldeak protagonista izan behar du. Gainera, argi izan behar dugu tropelean egon eta hamaika edo hamabigarren egon baino, hobe dugula egunero protagonista izan eta ezustekoak ematea».
Karpin-Galiciako Iban Mayoz, aldiz, pozarren zen tarteko helmugetako maillota soinean zuelako.
«Nahiko ongi konpondu gara Egoi eta biok eta, nahiz eta etapa jokatu ezin, protagonista izan gara. Ea duela hiru urte legez, maillot hau niretzat den».