GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garesko Udalbatzak Bardeako tiro eremuaren aurkako mozioa onartu du

Garesko Udalean Bardeako tiro eremuaren kontrako mozioa onartu zuten joan den ostiralean. Kontratuarekin amaitzeko eta nafarren borondatea errespetatzeko aldarrikatu dute mozio horren bidez.

GARA |

Garesko Udalean Bardeako tiro eremuaren gainean mintzatu ziren joan den ostiralean egindako batzarrean. Agrupación Puentesina eta EAE-ANV taldeen bozekin tiro eremu hori desagerrarazteko aurkeztutako mozioa onartu zuten, Ximénez de Rada taldeak abstentzioa aukeratu zuen-eta. Horiek horrela, Garesko Udalak jendaurrean gaitzetsi du militarrek Bardeako tiro eremua erabiltzea, eta hurrengo ekainaren 9an egun indarrean dagoen hitzarmena amaitzen denean, hitzarmen hori ez berritzeko eskatu du.

Izan ere, Bardea parke naturala den heinean, haren erabilerak ingurumenari eta izadiari lotutako ezaugarriak izan behar dituela ontzat eman dute testu horren bidez.

Nafarren borondatea

Bardeako Batzordeari zuzenduta dago Garesko Udalak bere egindako idazkia. Defentsa Ministerioarekin Bardeako lurren alokairua sinatzearen kontra ager- tzeko, bai bilkuran, bai jendaurrean, eskatu diote. Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari ere egin diete eskaera: Madrileko Gobernuaren eta Ministerioaren aitzinean, erakunde nafarren akordioak errespetatzeko egin beharrekoak egin ditzatela.

Ildo horretan, Nafarroako erakundeek honako akordio hauek hartzea espero dute, udaletatik hasi eta Parlamenturaino: «Bardeako tiro eremuaren alokairu kontratua amaitutzat emateaz gainera, defentsaren izenean Bardeako lurrak ez desjabetzea aldarrikatzen da, eta horretarako, 1959. urteaz geroztik Bardeako lurren jabeak diren bizilagunek egindako ekarpena kontuan hartua izan dadin eskatzen da. Azkenik, nafar herriko gehiengoaren borondatea errespetatzeko exijitzen da».

ekimena martxan

Bardeako tiro eremuaren afera nafar guztien interesekoa izaki, horren gaineko eztabaida lurralde osora zabaltzea nahi dute. Garesko Udalak jendaurrean adierazi du jada bere gaitzespena.

madrilen aurrean

Garesko Udalean onartutako mozioan Nafarroako erakundeei eskatu diete Madrilen aitzinean bertako interesak defenda ditzatela, horretarako egin beharrekoak bete ditzatela exijituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo