GARA > Idatzia > Euskal Herria

Teresa Toda eta Jabier Salutregi kartzelatu izana salatu du Nazioarteko PEN erakundeak

p015_f03.jpg

GARA |

Idazleen Nazioarteko PEN erakundeak, bildu berri den Idazle Presoen Batzordean, Jabier Salutregi eta Teresa Toda euskal kazetarien kartzelatzea salatu zuen aho batez, adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat joz. Era berean, datorren irailean Bogotan egingo duten mundu mailako batzarrean auzia aztertu, eta horren inguruan Euskal Pen Klubak aurkeztu duen ebazpena bozkatzea erabaki zuten.

Pasa den ostiralean abiatu eta igandera bitartean, Eskoziako Glasgow hirian egin dute Idazle Presoen Batzordearen urteko bilkura, eta bertan, 27 herrialdetako 70 lagun bildu ziren. Horien artean, Euskal Pen Klubeko ordezkari Urtzi Urrutikoetxea eta Lutxo Egia izan dira, eta ``Egin'' eta ``Egunkaria''ren gaineko auziez mintzatu ziren. Bereziki, 18/98 makrosumarioa dela-eta, hamarna urteko espetxe zigorra jaso duten Jabier Salutregi eta Teresa Toda ``Egin''eko kazetarien inguruan aritu ziren.

Terrorismoaren aurkako legeek adierazpen askatasunean duten eragina aztertu zuten batzordean, eta horretarako Errusian eta Estatu espainolean bizi diren egoerak izan zituzten aztergai. Urtzi Urrutikoetxeak, egunkarien itxiera gogorarazi, eta egungo egoera azaldu ostean, Toda eta Salutregiren kasuak mahaigaineratu zituen.

Eztabaida bizia

Euskal PEN Klubak adierazitakoaren arabera, bai ``Egin'' eta ``Egunkaria''-ko auzien, bai Toda eta Salutregiren egoeren gainean, «eztabaida bizi eta interesgarria» piztu zen parte hartzaileen artean. Amaieran, batzordean bildutako talde guztiek aho batez salatu zuten bi kazetari horiek espetxeratu izana, adierazpen askatasunaren aurkako ekintza dela ulertuta.

PEN Klubeko bilkurek euskal hedabideen egoera aztertzen duten lehen aldia ez da; izan ere, Idazle Presoen Batzordea 2004an sortu zenetik, Euskal Pen Klubak lan eskerga egin baitu egoera hori ezagutarazteko. Batzordeetan ez ezik, PENeko biltzar nagusietan ere salatu ditu ``Egin'', ``Egunkaria'' eta `'Ardi Beltza''ren itxierak, hala nola Tromson-en (Norvegia) eta Bled-en (Eslovenian).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo