Emakumezkoen Kopa
Rocasa eta Unión Ribarroja, euskaldunen lehen oztopoak
Bera Berak eta Itxakok gaur arratsaldean jokatuko dituzte final-laurdenetako kanporaketak. Helburua, finalerdietan euskal derbia izatea.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Iritsi da eguna. Akaba Bera Berak eta Itxako Navarrak gaur ekingo diote Lizarran emakumezkoen eskubaloi Kopari. Final-laurdenetako lehen bi partidak jokatuko dituzte gaur Lizarrerian: 18.00etan Bera Berak Balonmano Ro'casaren aurka neurtuko ditu indarrak eta 20.00etan etxeko taldeak, Itxakok, La Unión Ribarrojaren kontra jokatu beharko du.
Donostiako taldea lehiaketako egungo txapelduna da iaz L'Elianan, Valentzian, lortutako garaipen gogoangarriari esker; Reyes Carrerek zuzentzen duen taldea faborito irtengo da Ro'casaren kontra, besteren artean, azken bi urteetan finalera iritsi delako.
Talde kanariarrak ez du Kopa jokatu azken bi urteetan eta ligako sailkapenean bederatzigarren postuan dago, baina hala ere aurkari arriskutsua izango da. Ligako lehen itzulian, adibidez, Ro'casa gehiago izan zen (27-22). Behingoagatik, beraz, paperak aldatuta daude: Akaba da faboritoa eta bere aurkaria izango da ezustekoa eman nahi duena. Partida honetarako, Carrerek talde osoa izango du bere esanetara, baita Raphaelle Tervel frantziarra ere, aurreko astean zuhurraginak kentzeko ebakuntza egin eta gero.
Itxakok, berriz, Ribarroja valentziarra izango du lehen aurkari. Partida zaila izango dute benetan nafarrek, Ribarrojak azken urteetan mota guztietako tituluak irabazi baititu. Hala ere, indar pixka bat galdu dute aurten eta, etxean jokatzeak ematen duen indarra baliatuz, finalerdietan sartzea da Itxakoren helburu bakarra.
Aspaldidanik dabiltza nafarrak gaur hasiko den lehiaketa prestatzen eta, bai Ligan, bai Europan bizirik jarraitzen duten arren, etxean titulu bat irabazteak ez du parekorik. Lee korearra ez da osatu oraindik eta Jula errumaniarra ere min zuela ibili da azken asteetan, nahiz eta gaur jokatzeko moduan egongo den. Beste guztiak ere Ambros Martinen esanetara egongo dira gaur.
2010ekoa, Alicanten?
Bestalde, atzo jakin genuen Balonmano Mar Alicante taldeak hemendik bi urtera Kopa antolatzeko eskaera egingo duela. Emakumezkoen Eskubaloi Elkarteak (ABF erdaraz) bilera bat egingo du egunotan Lizarran, Kopa bertan jokatuko dela baliatuz, eta bertan aurkeztuko du talde espainiarrak bere hautagaitza. Antonio Navarrok, Mar Alicanteko presidenteak, hazi nahi duen talde batentzat Kopa antolatzea aukera paregabea dela esan zuen.