Top 14
Biarritz eta Aviron puntuen premian helduko dira derbira
Zuri-gorriek ezinbestekoak dituzte puntuak finalerdiak jokatzeko aukerak izaten jarraitu ahal izateko. Avironek jaisteko arriskuak ekidin nahi ditu
Jon LEUNDA | BAIONA
Heldu da derbia jokatzeko tenorea. Gaur 17.30etik aitzina izango da Biarritzen, Agilera estadioan. Bi taldeek dute puntuen premia, nahiz eta bakoitzak helburu ezberdinak izan.
Biarritz premia larrian helduko da derbira. Lau puntuak behar ditu, eta, ahal izanez gero, entseguei esker lortu dezakeen bosgarrena ere bai. Une honetan laugarren postutik kanpo dago, finalerdiak jokatzeko lekuetatik at, eta gaur galtzea sekulako kolpea izango litzateke.
Avironek ere garaipena behar du, baina helburua bestelakoa da, hain zuzen ere, mailari eustea. Zuri-urdinak ez daude gaizki, jaitsierako postuetan dauden taldeei alde dezentea kentzen die, baina ezin dira hor lokartu. Izan ere, azkenaldian Akizek gorantz egin du, eta aurretik dabilenen bat motelduz gero, amaieran ezusteren bat har lezake.
Avironek lan bikaina egin du denboraldi hasieran eta lehen itzuliko zatirik handienean, baina oraintxe heldu dira unerik larrienak. Talde barruan ere zenbait gorabehera izan dira, eta horrek ere ez die mesede handirik egin.
Derbi hauek oso bereziak izan ohi dira, bi taldeen arteko harremana ez baita sekula ona izan. Irabazteak asko balio du, eta ez sailkapenerako bakarrik, beraien arteko dema horretarako ere esanguratsua izaten da.
Joanekoa, Baionan jokatu zena, Biarritzek irabazi zuen, eta gaurkoan ere beraiek aterako dira faborito, nahiz eta Aviron bera ere ez den gaizki moldatzen Agileran jokatzen duenean.
Zalantzak
Bi taldeetako entrenatzaileen egoera ere ezberdina da. Biarritzek hamabostekoa erabat erabakita dauka, baina ez Avironek. Beraz, azken orduko ezusterik ez bada, honako hau izango da Avironen hamabostekoa: Coetzee, Noirot, Lecouls, Thion, Couzinet, Betsen, Harinordoki, Vahafalau, Yachvili, Peyrelonmgue, Thierry, Traille, Masi Ngwenya eta Brusque. Hori baieztatzen bada, August, Avril, Hall, Cronje, Dupuy, Cabannes eta Bidabe aulkian eseriko dira.
Baionarrek aldiz, 27 jokalari eramango dituzte Biarritzera, eta hamabostekoa erabakitzeko daukate. Bernard eta Elhorga ez daude jokatzeko moduan, eta Lafitte, berriz, zalantza izango da azken unera arte. Linde eta Peyres, berriz, itzultzeko moduan daude, eta litekeena da hasieratik jokatzea.
Biarritzek denboraldi honetan gabezia ugari erakutsi ditu, batez ere erasoan, entseguak egitea ikaragarri kostatzen baitzaio. Gaur, bosgarren puntua ere primeran etorriko litzaioke.
Avironek ez du itxura bera ematen etxean edo handik kanpo, izan ere Jean Dauguerretik kanpo neurketa kaskar asko egin baititu. Gaur, bolada horrekin apurtzeko aukera ederra izango du Agileran.
Lapurtarren arteko derbia zuzenean ikusteko asmoarekin bertaratutako zaleek Agilerako harmailak bete egingo dituzte. Urteko partidarik garrantzitsuena izaten da bi taldeentzako, eta inork gutxik nahi izaten du ikusi gabe geratu.
Hala ere, Baionako zale asko ez dira izango Biarritzen. Biarritzek Baionan jokatu zuenean ere biarriztar gutxi izan ziren; eta beti horrela izaten da. Nolanahi ere, giroa erraz berotzen da, eta goizetik hasiko da nabaritzen Biarrizko karriketan.