GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Bultza euskal hezkuntza», festa egun bikaina Aian

Sortzen-Ikasbatuaz-ek «festa egun bikaina» antolatu du ikasle, guraso eta langile talde baten laguntzaz. Aian da hitzordua, apirilaren 20an, eta herritar guztiak gonbidatuta daude, bereziki haurrak. Eskola euskalduna eta balioetan oinarritutakoa aldarrikatu nahi dute jai giroan.

p020_f02_097x084.jpg

Maider IANTZI |

Musika, jolasak, herri kirolak, pailazoak... Hainbat gozagarri izanen da Aian, apirilaren 20an, egunpasa ederra egiteko. Haurrak izanen dira protagonista; beraiek eman zuten atzo jaia aurkezteko prentsaurrekoa ere, Porrotxekin eta Julen Etxeberria irakaslearekin. «Behin betiko, behin betiko, sinple bezain tinko, ez dugu etsiko», aritu ziren kantari Egiako Aitor ikastolako umeak, pailazoaren txantxa eta ateraldiengatik irriari ezin eutsiz, eta argazki kamerari begirik kendu gabe, koloretako globoen artean.

Koldo Mitxelena Kulturunera sartzean serioxeago jarri ziren, eta jaialdiaren helburuez mintzatu ziren. Lehenbiziko aldiz eginen du Sortzen-Ikasbatuaz ikastola eta ikastetxe publikoen elkarteak gisa horretako ekimen bat Gipuzkoan, eta helburu ezberdinak betetzeko eginen du. Alde batetik, egitarau betea prestatu dute herritarren gozamenerako: mendi irteera izanen da; musikari, abeslari, dantzari eta bertsolarien emanaldia; herri kirolak; kantu bazkaria; haurrentzako tailerrak; erromeria... Bertzetik, elkarteak urtero Iruñeko Takoneran egiten duen Nazio Festara Gipuzkoatik zubi bat eraikitzea dute xede. Jaiaren 13. edizioa eginen dute maiatzaren 18an, Aiako lelo berarekin: «Bultza euskal hezkuntza». Hasieran festa xumea zena urteen buruan bere esparrua eta erreferentzialtasuna eskuratzen ari da, prentsaurrekoan adierazi zutenez, eta «kalitatezko euskal eskola publikoaren alde gaudenon bilgune saihestezina» izanen da aurten ere.

Eskola eta ingurua uztartu

Jakinarazi zutenez, Takonerakoa bezala, guraso, ikasle eta eskola-eragileen elkargune alaia izateaz gain, euskararen eta euskal kulturaren aldeko ospakizuna izanen da Aiakoa, euskaraz bizi eta aritzen diren ikastetxe publikoen bilgunea. Ereduen gainetiko hezkuntza euskalduna da beren iparra, eskola eta ingurua eraginkorki uztartuko dituena hizkuntza politika beraren babesean. Horretarako, beharrezko deritzote hezkuntza sistema propio bat eratzeari.

Jose Mari Agirretxe, Porrotx izateaz gain, Lasarte-Oriako ikastolako guraso ere bada, eta ikuspuntu horretatik ere solastatu zen. Erran zuen hagitz garrantzitsuak direla berarentzat elkarlana eta partekatzea. Egitekoak bertze batzuen esku uztea ez da ona Agirretxeren ustez; elkarrekin ikasi, partekatu eta lan egin behar da; eta haurrengandik, gurasoengandik, irakasleengandik ikasi.

«Euskal Herrian bizi gara», gaineratu zuen. «Eleanitzak gara, baina euskaraz bizi gara, euskal kulturan murgildurik». Baloreetan sakondu nahi dutela, eta hori elkarlana bultzatuz egiten dela erran zuen. Irakasleek protagonismo handia dute eskola orduetan, baina, Agirretxeren arabera, ezin da pisu guztia beraien gain utzi. Gurasoek garrantzia dute seme-alaben hezkuntza euskalduna eta balioetan oinarritua izan dadin, baita herriak ere, bertako elkarteek eta eragileek. Gogora ekarri zuen bera haurra zenean ez zutela Internetik, eskuko telefonorik, autorik... Teknologia berriak baloreetan sakontzeko erabil daitezkeela uste du.

Aldarrikapen horiek guztiak festa giroan eginen dituzte, beraiekin bat egin nahi duten herritar orok lagunduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo