Efrén Vázquez Munduko motoziklismo txapelketan Doping
Hamalaugarren denborarik onena Estorilgo saioan
GARA | ESTORIL
Portugalgo Sari Nagusian aurreneko entrenamendu libreak izan ziren atzo. Bertan, 125 zentimetro kubikoen mailan Efrén Vázquez bilbotarrak hamalaugarren denborarik onena eskuratu zuen.
Ez zen nahi bezain ongi aritu Errekaldeko pilotua. Atzo goizeko euri jasan kontuz aritu zen, ondoren, erritmoa bizitu nahi izan zuenean, uste baino askoz gehiago kostatu zitzaion. Hala, denborarik onena egin zuen Mike di Megliok baino segundo eta erdi gehiago behar izan zituen Aprilia taldeko bizkaitarrak.
«Istripuren bat saiheste aldera lanari kontuz ekin diot goizeko saioan», onartu zuen Vázquezek. «Gero asko kostatu zait neure erritmoa aurkitzea. Zorionez, azkenerako, postu itxuroso bat lortu dut. Zirkuitu hau atsegin dut, eta hori nabari da».
Pedrosa, arratsaldeko azkarrena
Moto GP Mailari dagokionez, Honda taldeko Dani Pedrosak eskuratu zuen denborarik onena. Bere atzetik Rossi eta Edwards sailkatu ziren.
Pilotu kataluniarrak oso argi jokatu zuen. Goizeko eguraldi txarrean onenengandik urruti izan zen. Hala ere, arratsaldeko saioan bera izan zen azkarrena. Baita biziena ere; eguraldiak hobera egin zuen unean atera zen pistara, eta han lortu zuen eskuratu nahi zuen denbora on hori.
Casey Stonerrentzat, aldiz, egun oso txarra izan zen. Goizez eta arratsaldez, itzuli bat amaitu aurretik erori zen australiarra, nahiz eta minik hartu ez.
Azkenik, 250 zentimetro kubikoetan Aprilia taldeko Marco Simoncellik egin zuen denborarik onena. Gutxigatik, ordea, atzetik hurrenez hurren sailkatu ziren Álex Debón, Mika Kallio, Álvaro bautista eta Mattia Passini lau hamarrenekoren barruan geratu baitziren.