Zendu berri Walter Luyten flandiarra omenduko dute igandean Sokoan
Igande honetan emango diote azken agurra Lapurdiko Sokoan joan den urtarrilean zendu zen Walter Luyten abertzale flandiarrari. Euskal Herriaren laguna eta independentisten adiskidea, ekitaldi xume baten bitartez omenduko dute igande arratsaldean.
GARA |
Minbiziak jota zendu zen Euskal Herriaren lagun eta flandiar abertzale Walter Luyten joan den urtarrilean, soinean 73 urte zituela. Iaz egin zuen Euskal Herrian azkenetariko geldialdia; Gernikako bonbardaketaren 70. urteurreneko urtemugan. Arnaldo Otegi alboan zuela hartu zuen hitza Gernika Batzordeak antolatutako hitzaldian eta «hemengo errebelde bat Euskal Herria errepublikaren presidente» ikusteko desioarekin agurtu zen. Igandea honetan, Lapurdiko Sokoan agurtuko dute Luyten Euskal Herriko lagunek.
Walter Luyten flandriako politikari abertzale hil berriari omenaldia egingo diote datorren igandean, hilak 13, Sokoan. Lehenbiziko, meza ospatuko dute 16.00etan eta ondoren omenaldia egingo zaio igaro den urtarrilaren 27an hildako Luyteni. Bere betiko lagunek hartuko dute parte ekitaldian; hala nola, omenaldia prestatzen lanetan ari den Ludo Docx apaiz flandiarra. Euskara ikasi eta Euskal Herrian bizi da, Donapaleun, haurtzarotik zendu arte Luytenen adiskidea izan den Docx.
Volksunie alderdi abertzale flandiarraren sortzaileetakoa izan zen 1960ko hamarkadan Luyten, baita alderdi honetako senataria ere. Euskal Herriarekin harremanetan 1968an sartu zen ETA erakundeko hainbat errefuxiaturen bidez. Hala, Volksunie alderdiko parlamentari, eta gerora europarlamentari, Willy Kuijpersekin 1972an egin zuen Euskal Herrirako lehenbizitako bisita: Baionako katedralean gose greban zeuden euskal errefuxiatu politikoei.
Ikurriña erakutsi eta atxilotua
Hiru urte geroago, 1975ko Aberri Egun debekatuan hartu zuen parte Gernikan. Errepresio itzela egon arren, Kuijpers parlamentariarekin batera ikurriña atera zuten Andra Mari elizaren aurrean. Polizia espainolak atxilotu eta kanporatu egin zituen.
Baina, inolaz ere ez zen horretan gelditu politikari flandiarrak Euskal Herriarekiko zuen elkartasuna. Euskararekiko ere interes berezia izan zuen flandiarra zen Luyten; hala, Ipar Euskal Herriko ikastolen alde «Flandriatik Ikastolentzat» (Flik) taldea antolatu zuen. Flik-ek urtero kultur ekitaldiak antolatzen zituen Seskarentzako dirua biltzeko asmoz eta gazte flandiarrak auzolanean Ipar Euskal Herrira eramaten zituen.
1980. hamarkadan Belgikako polizia Luyten atxilotzera iritsi zen, Bruselasen Madrilek zuen enbaxadoreari Estatu espainolak euskal herritarrekiko zuen jarrera salatzen zuen gutuna bidaltzeagatik.
Hil arte izan zituen Euskal Herriarekiko elkartasun keinuak; igandean agurtuko dute azkenekoz Luyten Sokoan.
Igandean, 16.00etan, meza eskainiko diote lehenbizi Luyteni eta ondoren ekitaldi xume baten bidez omenduko dute joan den urtarrilean minbiziak jota hil zen politikari abertzale flandriarra.