GARA > Idatzia > Mundua

Correak Indar Armatuak salatu izanari babesa eman dio Batzar Eraikitzaileak

GARA |

Ekuadorreko Batzar Eraikitzaileak Rafael Correari babesa eman dio Armadari dagokionez hartu dituen erabakiak direla-eta, Kolonbiako krisialdiaren kudeaketan eginiko akatsengatik kargutik kendu dituenean Defentsa ministro Wellington Sandoval eta Polizia Nazionaleko komandante Bolívar Cisneros.

Presidenteak salatu zuen CIA herrialdeko segurtasun zerbitzuetan sartuta dagoela. Erabaki horrek zalaparta handia eragin du, eta Armadako hainbat arduradunek, horien artean, Indar Armatuen komando bateratuen buru Héctor Camachok, Armadako komandante Guillermo Vascónezek eta Aireko Indarraren buruzagi Jorge Carvajalek dimisioa aurkeztu zuten.

Bezperan, beraiekin bilera egiteko eskatu zioten Correari, Gobernuak adierazitakoarekin ez daudela ados azaltzeko, eta argibideak eskatzeko.

Ekuadorreko presidentearen hitzetan, armadako inteligentzia zerbitzuak ez zuen behar bezala jokatu Kolonbiak FARCeko kanpamentuari eginiko erasoan. Bonbardaketan Franklin Aisalia ekuadortarra hil zuten. Gerrillarekin loturak zituela argudiatu zuen Bogotak eta, hori baieztatzeko, zenbait argazki eta bideo aurkeztu zituen. Txostenak Ekuadorreko inteligentzia zerbitzuenak izan arren, Kolonbiak lehenago izan zuen horien berri. Correak argi utzi zuen aurre egingo diela Ekuador Kolonbiako gatazka armatuarekin lotzeko saiakerei. Herrialdeko zerbitzu sekretuen eta atzerriko agentzien arteko «legez kontrako loturak» ere moztu egingo dituela ohartarazi, eta iragarri zuen halako jokabideak ikertzeko batzordea eratuko duela.

Batzarrak bere egin zituen salaketak, eta 130 batzarkideetatik 90ek Correari babesa eman zioten, «Indar Armatuen Inteligentziaren arloan antzemandako irregulartasunak» salatzeagatik. Onartutako agirian batasunari eustearen alde egin zuten.

Batzar Eraikitzailearen presidenteak, Alberto Acostak, «Estatu demokratikoaren biziraupena arriskuan» dagoela adierazi zuen. Defentsako ministro ordeak, Miguel Carvajalek, tentsiorik badagoela aitortu zuen, baina horrenbestekoa dela ukatu.

«Ez dut uste Indar Armatuen sektore batzuk legedia eta Konstituzioaren aurka egiteko arriskurik dagoenik», esan zuen.

Morett, ospitaletik kanpo

Testuinguru horretan, FARCen erasoan zauritu zuten Lucía Morett ikasle mexikarrak justizia «etenik gabe» eskatuko duela adierazi zuen Quitoko Ospitale Militarretik irtetean. Erasoan Mexikoko unibertsitateko beste lau ikasle hil ziren.

«Mundu bidezkoagoa eraikitzearekin amesten zuten. Errudunentzako zigorra aldarrikatu dugu; zigorrik gabe geratzea ez dugu onartuko», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo