GARA > Idatzia > Kultura

Ez Dok Amairuren memoria astindu nahi du Oņatiko Elkar Hezik

XX. mendeko 60ko hamarkadan, Ez Dok Amairu taldea kantagintzak eta, oro har, euskal kulturaren adierazpen guztiek izan zuten sakoneko arnasberritzearen eragile garrantzitsu eta ikur bihurtu zen. Berrogei urte geroago, «iraultza» haren inguruko gogoeta proposatu nahi du Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak, eta ez bertako ikasle, irakasle eta gurasoei bakarrik, herritar guztiei baizik. Horretarako, «Ez Dok-Badok Amairu» jardunaldiak antolatu ditu.

p055_f01_203x116.jpg

GARA | OÑATI

Gaur egun ezagun eta are mitiko ere bihurtu diren hainbat kantari eta sortzaile -Mikel Laboa, JoxAnton Artze, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo...- euskal gizarteari bizipoza eman zion talde haren partaide izan ziren. Jardunaldien bidez, mugimendu hura belaunaldi gazteen artean hobeto ezagutarazi eta, bide batez, ahal den neurrian, behintzat, gaur egun baliagarriak izan daitezkeen ondorioak atera nahi dituzte antolatzaileek. Eta, horretarako, taldea osatu zuten edo taldearen ibilerak gertu-gertutik ezagutu zituzten hainbat pertsona gonbidatu dituzte.

«Ez dok-Badok Amairu» izenburua duten jardunaldiak apirilaren 17an, 18an, 24an eta 25ean egingo dituzte, hots, aste honetako ostegun eta ostiralean eta datorren asteko ostegun eta ostiralean. Guztiak Oñatin.

Apirilaren 17ko jardunaren izenburua «Zazpiribai izan zenaren arrastotik» izango da. Bertan, Manex Pagolak, Peio Ospitalek eta Pantxoa Carrerek parte hartuko dute. Pantxoak eta Peiok, gainera, kanta batzuk abestuko dituzte. Kontua da 70eko hamarkadan, Ez Dok Amairu desegin ondoren, taldeko kideek bide desberdinak hartu zituztela. Mikel Laboa eta Artze anaiak «Ikimilikiliklik» saioa egiten hasi ziren. Beste batzuek, berriz, iparraldeko hainbat artistarekin batera Zazpiribai osatu zuten. Hor ibili ziren Ugutz Robles Arangiz, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo eta, jakina, Oñatin Zazpiribairi buruz hitz egingo duten Manex Pagola eta Pantxoa eta Peio.

Apirilaren 18ko jardunaren izenburuak galdera-marka dakar: «Euskal kantagintzaren eta olerkigintzaren bide uherretatik haratago, esperantzarik ote?». Beste modu batean esanda, garai hartako amets eta helburuetatik zer geratzen da? Hizlari nagusiak Benito Lertxundi eta Oskarbi taldeko Jose Luis Treku izango dira. Pako Aristi saiatuko da ahalik eta zukurik gehien ateratzen. Jarduna biribiltzeko, Oskarbik hainbat pieza interpretatuko ditu.

«Ama Lur»

Apirilaren 24an, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendutako «Ama Lur» filmaren proiekzioa eskainiko dute. Basterretxea bera bertan izango da, azalpenak emateko eta galderei erantzuteko prest.

«Ez Dok-Badok Amairu» jardunaldiak apirilaren 25ean burutuko dituzte Joxe Mari Iriondok eta Pello Zabalak. Nork bere talaitik Ez Dok Amairu nola sortu zen, nola hazi zen eta nola desagertu zen aztertuko du.

Elkar Hezikoek nabarmendu dutenez, jardunaldiok espresuki ikastetxetik kanpo antolatu dituzte bertan esandakoa eta entzundakoa ikastetxeko lau hormen artean soilik gera ez dadin. Horregatik dei egiten diote interesatuta egon daitekeen edonori bertaratzera eta lasai asko parte hartzera. «Ekintzak herrian gauzatu daitezen nahi izaten dugu, ez eskolan bakarrik, ikasten diren kontzeptu, prozedurak eta jarrerak gure egunerokotasunean itxuratu behar direlako, eta non hobeto herrian baino?», argudiatu dute.

1965ean sortu zen Ez Dok Amairu taldea. Izena, Jorge Oteizak proposatua, Azkuek bildu zuen ipuin herrikoi batetik hartua da. Ipuin horretan, San Martinek ika-mika bat du Etsairekin, eta «ez dok amairu!» esanda, garaitzen du.

Hasieran zortzi ziren Ez Dok Amairuko kideak, baina taldeak laster «mugimendu» itxura hartu zuen eta frankismoaren gau beltzean argi bihurtu zen.

Taldea 1972an desegin zuten.

Fitxa

Jardunaldien izenburua: «Ez dok-Badok Amairu».

Egunak: Apirilaren 17an, 18an, 24an eta 25ean.

Lekua: Oñatiko Santa Ana antzokia. 24ko ekitaldia, baina, kultur etxean egingo da.

Ordua: 19.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo