Frankismoko biktimak omendu dira Errepublika ospatzearekin
Frankismoan Gernikako ospitale militarrean hildako 270 lagunak oroitu zituzten larunbatean, lurperaturik dauden lekuan haien izenak biltzen dituen oroitarri bat ezarriz. Andoainen, urtero legez, herrian fusilatu zituzten 22 lagunak omendu zituzten atzo haiei eskainitako oroitarriaren aurrean. II. Errepublikaren sorrera ospatu da era horretan bi herri horietan.
GARA |
1931ko apirilaren 14an II. Errepublika sortu zela ospatzen da gaur, eta egun hura oroitzearekin batera, Errepublikaren kontra altxatutakoentzat gustukoak ez ziren haiek ekarri dira gogora asteburu honetan Euskal Herriko hainbat herritan. Fusilatuta hil ziren 298 lagunak omendu zituzten Iruñean larunbatean, eta Gernikan frankismo garaiko ospitale militarrean zendutako 270 presoak egun berean. Andoainen, urtero egin ohi duten moduan, herrian fusilatutako 22 lagunak oroitu zituzten atzo.
1938ko ekainetik 1940ko maiatza bitartean gaur egun Gernikako Bigarren Hezkun- tzako Ikastetxea dagoen tokian ospitale militar bat izan zuen frankismoak preso gaixoen- tzat. Tarte horretan 270 lagun hil ziren bertan, eta haiei bu-ruzko informazioa eskasa izan da Gernikazarra historia tal- deak informazioa biltzeari ekin zion arte.
Ikerkuntza lan handia egin dute ospitale-kartzela hartan hildakoak nortzuk izan ziren jakiteko, eta joan den larunbatean izen guztiak biltzen dituen oroitarria jarri zuten Gernikako hilerriaren kanpoaldean, ikerketen arabera, bertan lurperatu baitzituzten. Zuzeneko lekuko bat izan zen omenaldian, 92 urteko Francisco Alonso sestaoarra, hain zuzen ere. Berak azaldu zuenez, 13 aste eman zituen bertan, eta ospitale izena gaitzetsi zuen, «leku hartara hiltzera eramaten gintuzten-eta», adierazi zuen. Izan ere, presoek, besteak beste, tuberkulosia eta neumonia pairatu zituzten, eta horiekin batera, elikadura eta bestelako gutxieneko beharrak ez asetzea izan zen hainbeste lagunen hil izanaren arrazoia.
Senitartekoen atsedena
«Azkenean gure senideek merezitako omenaldia jaso dute», adierazi zuten hurbildutako senitartekoek larunbatean haiei eskainitako omenaldian. Izan ere, Asturiaseko, Santanderreko, Burgoseko eta Bilboko kontzentrazio eremuetako gaixoak eta Belchiteko, Terueleko eta Bruneteko fronteetan zauritutakoak eraman zituzten kartzela-ospitale hartara, eta senide askok ez zuten haien berririk. Gernikazarrak egindako lanari esker, non izan ziren jakin ahal izan dute, eta haien izenekin ezarritako oroitarriak gogoratzen ditu orain; omenduak izateko lekua eskaini zaie Gernikan.
Omenaldiaz gainera, Gerni-kazarra taldeak, Udalarekin batera, garai hartan herrian ger- tatutakoa ezagutzera eman na-hi izan du. Bisita gidatuak eta hitzaldiak antolatu dituzte, eta ospitale militarrari buruzko dokumentazioa Gernikako ikastetxeetara bidali dute.
Andoainen ere ondorio latzak izan zituen frankismoak; 22 lagunen fusilamenduak markatuta utzi du herria. «Oroituz, Andoain» herri erakundeak urteak daramatza haiek oroitzen, eta atzo ere hala egin zuten, senideekin eta herritarrekin. Andoaingo Alfaro plazan haien omenezko oroitarria dago, eta bertan egin zuten ekitaldia.
Txalapartaren soinuarekin hasi zen omenaldia, eta jarraian aurreskua dantzatu eta loreak eskaini zitzaizkien. Han biltzearen arrazoiak gogora ekarri ostean, Errepublikaren aldeko kantuek eta musikak hartu zuten lekua. Hamaiketako batekin amaitu zuten ekitaldia.
«Oroituz, Andoainen» erakundeak maiatzean hainbat ekitaldi antolatu ditu. Hilaren 10-ean Sartagudako Memoriaren Parkearen irekierara joateko autobusa izango da. Andoainen kokatutako 36ko Gerrari buruzko antzezlana ere eskainiko da, eta hainbat hitzaldi emango.
Gernikako ospitale militarrera kontzentrazio-eremuetan gaixotutakoak eta frontean zauritutakoak eramaten zituzten. Larunbateko omenaldian bertan preso egondako batek adierazi zuenez, hiltzera eramaten zituzten
Iruñeko bertze hainbat lekutan bezala, Txantrean gaur egun frankismoaren hainbat oroigarri mantentzen dira. Hala gertatzen da auzoko 20 kaleren izenekin. Joan den astean martxan jarri zen «Memoriaren Autobusa» kale horietan ibili zen atzo eguerdian, horiek ezagutzera eman eta oraindik mantentzen direla salatzeko.
Auzotarrek eta Iruéko Udalak izen horiek aldatzeko eskatu badute ere, Yolanda Barcina alkateak ez du orain arte eskakizun hori bete. «Memoriaren Autobusak» Nafarroa osoan zabaldu nahi du frankismoarekin bat ez egiteagatik sufritu zutenen ahotsa eta, bide batez, senitartekoak lagundu nahi ditu. Horretarako hiru premisa zehaztu ditu: frankismoa goraipatzen duten ikurren desagerpena, «memoria lekuen» dokumentazioa, eta kaltetuak izan zirenen izenak biltzea.GARA